GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRISIAN

Adreiluek ez daukate burmuinik, ez eta zementuak sormenik

KRISIAN

Iosu LIZARRALDE Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Enpresa askok enplegua erregulatzeko espedienteak martxan jarri dituzten garaian suertatu da hauteskunde deialdi hau. Ezagutzaren gizartea esaten dioten honetan eta ezagutzaren jabe pertsonak direla gutxik zalantzan jarriko duten ustetan, lehiakortasunerako faktore ez-berdintzailea pertsonak izan beharko lukeela ondorioztatzen dugu. Baina hara hor paradoxa, erregulazioen ondorioak nozitzen dituzten lehenak horiexek dira, pertsonak, alegia, ezagutzaren jabe eta lehiakortasunerako faktore izan beharko luketenak. Ez dugu ezagutzen makineria kaleratu duen enpresarik, ezta eraikinak eraitsi dituenik ere eta are gutxiago finantza-aktiboak desegin dituenik. Erregulazioa sufritzen ari direnak giza-aktiboak dira, hau da, ezberdintze faktore izan beharko luketen gizon eta emakumeak.

Halaber, giza kapitala erabakigarria da nazio baten ekonomiarentzat eta herrialdea murgilduta egon daitekeen berrikuntza dinamiketarako, hala nola garapen ekonomikorako beharrezkoa den gizarte eta enpresaren parte hartze aktiborako.

Eta zein dira hauteskundetarako hautagaitza aurkeztu eta parte hartzeko arazorik ez duten alderdien proposamenak berrikuntza alorrean? Gizakia jartzen al dute sustatu beharreko eta nazioaren lehiakortasunerako aktibo nagusi eta bereizle gisa? Planak plazaratzen entzun ditudan politikarien artean, Patxi Lopezek, Cristina Garmendia Berrikuntza ministroa alboan zuela, Eibarren egin beharreko zentro teknologiko baten eraikuntzari sostengua eman zion, eta egun bi geroago Iberdrolarekin beste zentro bat eraikiko zuela hitz eman zuen Lehendakaritzara iritsiz gero. EAk gehiago eskaintzen du arlo horretan eta bere programa irakurriz gero, bikaintasunezko hiru ikerketa zentro eraikitzea proposatzen du, baina zein zentro, non eta bikaintasun maila zehaztu gabe. EBko Gipuzkoako zerrendaburuari Debagoieneko Telebistan entzuna, Aretxabaletan parke teknologiko bat eraikitzeko asmoa. EAJren programan bakarrik irakur daiteke berrikuntza prozesuetan pertsonek duten garrantzia, «gure oinarria pertsonak dira» irakurtzeraino, baina sakonago irakurriz gero, bikaintasunezko azpiegitura zientifikoak garatzea eta azpiegitura ertainak sendotzea dira asmoetako batzuk.

Bestalde Cotec fundazioak egin duen azken txostenean azaltzen den bezala, «parke zientifiko eta teknologikoak berrikuntza tresna egokiak diren ala ez kontuan izan gabe ugaltzea da berrikuntza politikak duen arazoetako bat». Eta gurean gehiago eraikitzea omen konponbidea. Azken finean, adreiluzko eta porlanezko planak berrikuntzarako beharrezkoa den sormena sortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo