Instituzioek herritarren dirua xahutzea legezkoa da
Diru asko bildu behar du Aldundi batek diputatu nagusiak urte erdian bazkaritan eta oparitan 100.000 euro baino gehiago gastatzeko. Asko edo gutxi, diru hori herritarrena da, eta diputatu nagusiak Aldundiaren kontura -herritarren lepotik alegia- egindako gastu horiek dirua administratzeko modu bitxia da. Bestela esanda, onartezina. Kopuru hori xahutu zuen Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak 2006 eta 2007ko hainbat hilabetetan, instituzioetako ordezkariek denen eredu izan beharra eta gisako erretolikak barregarri utzita.
Irungo Ogasuneko iruzurraren erantzule politiko eta gaur egun Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak xahutu zuen dirutzak hainbat kargudun politikok herritarren zerbitzuan jardutea nola ulertzen duten agerian uzten du. Hala ere, Gonzalez de Txabarrik kargu hura horrenbeste diru gastatzeko baliatu izana ez da legez kanpoko jarduna, baina bai jardun larria, herritarren dirua administratu behar duten erakundeak onartu eta hala xedatuta duelako. Ez dakigu Gipuzkoako Aldundiko oraingo diputatu nagusiak Gonzalez de Txabarriren antzera gipuzkoar guztien dirua xahutzeko ohitura duen; edonola ere, larriena da instituzioak horrelako jokaera onartezinak errazten dituela, herritarrenganako mespretxuaren erakusgarri.