GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Izaskun Guarrotxena, Miren Aranguren Euskal Herriko Bilgune Feministako Kideak

Emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartu

Otsailaren 14an kalera atera ginen azken hilabeteetan gertatutako erasoak salatzeko asmoz. Euskal Herriko Bilgune Feministako kideok oso arduratuta gaude azken hilabeteetan emakumeon kontrako indarkeria kasuen berri andana izan baitugu, batez ere bortxaketa ugariren berri. Hor ditugu Hernani, Donostia, Iruñea edota Irungo kasuak, publiko egin direnak. Baina ezin dugu ahaztu beste hainbatek ez zutela horrelako jarraipen mediatikorik izango. Horrez gain, gogorarazi nahi dugu Lizarrako Maria Puyk desagertuta jarraitzen duela.

Salaketa kopuruak ere gora egin duela aipatu izan da egunotan, baina ezin dugu ahaztu gaur egun emakume askok ez dituztela pairatzen dituzten erasoak salatzen, isiltasunean indarkeria egoera bizitzera kondenaturik. Gainera beste hainbat eraso, ez dira erasotzat hartzen, nahiz eta emakumeon duintasun eta bizitzetan zuzenean eragin.

Kasu horietako batzuk gazteen artean eta aisia guneetan gertatzen ari direla nabarmendu nahi dugu. Honek argi uzten digu, parekidetasunari dagokionez, gazteen artean oso gutxi aurreratu dela, oraindik ere botere harremanak mantentzen baitira. Belaunaldi berriek aurrekoek izandako rol eta balore berak errepikatzen jarraitzen dute.

Emakumeon duintasuna errotik desagerrarazten duten gertakari horiek oinarri bera dutela abiapuntu errepikatzen dugu behin eta berriz: emakume eta gizonen artean ezarrita dauden botere eta menpeko harremanak. Eta zoritxarrez, errepikatzen jarraitu beharko dugu herri honetako agintariek behingoz gaiari sustraitik heldu eta jendartearen benetako eraldaketa lortzeko pausoak ematen ez dituzten bitartean; indarkeria sexista harreman formak mantentzeko edota horien ondorio zuzena baita.

Instituzioetatik bideratzen ari diren plan, lege eta neurriak ez dira nahikoak. Indarrean daudenak, ez diote arazoaren muinari heltzen, ez daude emakume eta gizonen artean harreman berriak eraikitzera bideratuta. Jendartean arazo sozial bilakatzen ari denari erantzun bat eman nahi bazaio ere, instituzioetatik bertatik emakumeen diskriminazioan sakontzen ari dira. Itxurakeria gehiagorik ez! Azken asteetan hainbat alderdi politikok konpromisoak hartu dituzte EAEko hauteskunde kanpainan, baina lehen adierazi dugun bezala konpromiso horiek ez dituzte betetzen, itxurakeria besterik ez da, inolako oinarririk ez duten hitz potoloak.

Instituzioetatik etorriko diren neurrien zain egon gabe, gugandik abiatuta egin nahi diogu aurre indarkeriari. Emakume aske eta autonomo gisa formatuz, gure buruarengan dugun ziurtasuna handitu eta gaitasunetan sinistuz. Geure etorkizunaren, geure gorputzaren eta bizitzaren jabe izan nahi dugu. Horregatik, autodefentsa feminista garatzera dei egiten dugu.

Denon ardura da emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitzea. Sexuen artean harreman parekideak sustatuko dituen jendartea lortzeko indarrak batu eta borrokatzea.

Hori dela-eta, datorren otsailaren 28an Iruñetik abiatuko den manifestaziorako deia egin nahi dugu, emakume eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu. Halaber, Euskal Herriko txoko guztietan emakumeon kontrako indarkeriari tinkotasunez erantzuten jarraitzera animatzen zaituztegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo