Sudango liskarrek Afrikan izandako gerra zibil luzeena berpiztu lezakete
Hegoaldeko eta Iparraldeko Sudanen arteko gerra zibila berpiztu daitekeen izua zabaldu da aste honetan izandako istiluak direla-eta. 50 hildako inguru izan dira Malakal hirian, Ipar eta Hego Sudanen arteko mugan. 22 urte iraun zuen gerra zibil hau Afrikako luzeena izan zen. 2005ean bi aldeek sinatu zuten bake akordioa oso hauskorra dela agerian utzi dute.
GARA |
Iparraldeko eta Hegoaldeko borrokalarien artean izandako liskarrek 50 hildakotik gertu eta 100 zauritu eragin dute aste honetan Sudango hegoaldeko hiri garrantzitsu batean. Sudango Iparraldea eta Hegoaldea aurrez aurre jartzen dituen gatazka Afrikan izan den gerra zibilik luzeena da eta aste honetako gertakariek bake-akordioa biziki hauskorra dela erakutsi dute.
«Lekuan bertan egin ditugun behaketen arabera eta iturri desberdinek esan digutenez, liskar hauek, gutxi gorabehera 50 hildako eta 100 zauritu eragin dituzte», bai zibilak bai gerrillariak, adierazi zion France Presse berri agentziari nortasuna ezkutuan gorde nahi izan zuen Nazio Batuen Erakundeko arduradun batek.
Istilua asteartean hasi zen Malakalen [Nilo ibaiaren ertzean, Sudango erdialdean], Hegoaldeko Sudan Askatzeko Armadako (SPLA) matxino ohiak eta Gabriel Tangen aldekoen artean.
Tang Iparraldekoen aldekoen milizia bateko buru izan zen Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko gerra zibilean, eta egun Sudango Indar Armatuetako (SAF) jenerala da.
Egun bat iraun zuten borrokek. Inguru horretako egoera «lasai samarra» zela gaineratu zuen atzo bertan Nazio Batuetako Erakundeko beste arduradun batek.
Liskar berri hauek 2005ean Iparraldeak eta Hegoaldeak sinatu zuten bake akordioa oso hauskorra dela erakusten dute. Hitzarmen horrek Afrikan izan den gerra zibil luzeenari amaiera eman zion. 22 urte iraun zituen eta ia bi milioi hildako eragin zituen.
Une zaila El-Beshirrentzat
Horrez gain, borroka hauek Sudanek une korapilatsu bat bizi duenean jazo dira. Khartumgo Gobernua heldu den asteazkenean Nazioarteko Auzitegi Penalak (CPI) hartuko duen erabakiaren zain baitago. Bertako presidente Omar el-Beshir atxilotzeko nazioarteko agindua zabaltzen duen ala ez erabaki beharko du CPIk. 2003tik gerra zibila pairatzen duen Darfur eskualdean [Sudango mendebaldean] izandako indarkeriaren ardura izatea leporatzen diote El-Beshirri.
Darfurgo matxinoen eta Khartumgo Gobernuaren arteko gerrak dagoeneko 2,7 milioi errefuxiatu eragin ditu. Eta hildakoak 300.000 izan dira Nazio Batuen arabera. Khartumek, ordea, 10.000raino jaisten du kopuru hori.
El-Beshir Sudango herritarren eta oposizioko alderdien sostenguaren bila ari da CPI eta erakunde horretako fiskal Luis Moreno Ocamporekin duen lehian. Honek Darfurren genozidio, gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako ekintzak burutu izana leporatzen dio El-Beshir presidenteari.
Mehatxuak Hegoaldeari
Malakal inguruan izandako borrokak Khartumek Hegoaldeko Sudani egiten dion «ohartarazpena izan daitekeela» dio nortasuna ezkutuan gorde nahi duen diplomatiko batek. Horrela, Hegoaldekoek CPIrekin duten borrokan El-Beshir ez baldin badute Iparraldekoekin gerra zibila berriro piztu daitekeela adierazi nahiko luke Khartumgo Gobernuak.
«Hegoaldeko Sudanen beste gerra zibil bat pizteko erabili dute Gabriel Tang», bota zuen Hegoaldeko Sudango Gobernu erdi autonomikoko Informazio ministro Gabriel Changson Changek.
Tangen indarren eta Hegoaldekoen arteko liskarrak ehunka hildako eragin zituzten 2006an Malakalen, Nilo garaiko estatuko hiriburuan. Estatu hau Hego eta Ipar Sudanen arteko mugan kokatzen da.
«Malakalera joateko baimena jaso zuen eta zibilez jantzita joan zen», adierazi zion Sudango Indar Armatuen bozeramaile Osman al-Aghbashek, Khartumgo Armadak ez zuela liskar hauetan parte hartu nabarmenduz.
Gabriel Tangek, ordea, Sudango soldaduek babestu zutela esan zuen. Iparraldeko soldadu hauek unitate mistoetan -Iparralde-Hegoalde- aritzen dira oraindik gatazkatsuak izan daitezkeen eremuak zaintzen gerra amaitu zenetik lau urte pasa direnean.
Iparraldeko Sudango biztanleak islamiarrak eta arabiarrak dira, Hegoaldekoak beltzak eta kristau edo animistak. Ohikoak dira bien arteko liskarrak. Independentzia lortu aurreko urtean, 1995ean, Sudango lehen gerra zibila gertatu zen.
1989an estatu kolpea eman zuenetik da Sudango presidente Omar el-Bashir. 2001etik AEBen «terrorismoa sostengatzen» duten herrialdeen zerrendan dago Sudan.