GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA | Kanpaina amaiera

Erasoen gainetik, militantziaren konpromiso sendoa

Militanteek errepresio bide guztien aurrean erakutsitako «kon- promiso sendoari» esker, ezker abertzalearen mezua herri guztietara heltzea lortu dutela aldarrikatu eta bihar independentziaren aldeko milaka boz zenbatu beharko direla adierazi zuten.

p004_f02_101x184.jpg

Manex ALTUNA

Inoiz baino hauteskunde kanpaina gogorragoari aurre egin behar izan dio ezker abertzaleak oraingoan. Atxiloketak -azkena, 22 urteko gazte bat ostegun gauean Berangon, kartelak jartzeagatik-, debekuak, miaketak, karga polizialak,... baina «eraso eta mehatxu» guztien gainetik eta militantziaren «konpromiso sendoari» esker, beren mezua herri guztietara heltzea lortu dutela aldarrikatu zuten atzo gauean Bilbon.

Arriaga antzokiaren parean egindako ekitaldi xume batekin eman zioten amaiera urrezko bozaren aldeko kanpainari eta ehunka lagun batu ziren, ikurrina eta Nafarroako banderaz beterik zegoen plazan. Txalaparta hotsekin eta urtarrilaren bukaeran Garzon epailearen aginduz D3M plataformarekin lotura izateagatik atxilotutako zortzi euskal herritarrak agertzen ziren bideo batekin eman zioten hasiera ekitaldiari.

PSOE ezker abertzalea «jokoz kanpo» uzten saiatu den arren, igandean independentziaren aldeko milaka boz zenbatu beharko direla aldarrikatu zuten. Errepresioaren aurrean ezker abertzalea ez dela «kikildu» eta urrezko bozaren alde bozkatzearen garrantzia irudikatu zuten errepresaliatuek, langile mugimenduko ordezkariek, hautetsi independentistek, gazteek edo euskararen ofizialtasunaren alde lanean dihardutenek.

Itziar Lopategik hartu zuen gero hitza eta kanpainan zehar ezker abertzalearen proiektu politikoa gizartean errotuta dagoela agerian geratu dela nabarmendu zuen. Bere esanetan, milaka pertsona dira Euskal Herria eraikitzeko prest daudenak eta horien militantziaz «harro» daudela esan zuen. Militantzia horregatik, errepresioak ez duela ezertarako balio esan zuen.

Lopategiren hitzetan, PSOEk ez du gatazka politikoa konpontzeko borondaterik erakutsi eta Ibarretxeren Gobernuaren laguntza izan du ezker abertzalea «ahultzeko». Baina egoera larria dela onartu arren, ezin dela etsipenean erori esan zuen.

Ukazioaren eta errepresioaren ordez, ezker abertzaleak agertoki demokratiko bat eraikitzeko helburua duela azaldu zuen Lopategik, eta horretarako beharrezkoa dela urrezko pisua izango duten bozen alde egitea. «Gure botoekin Estatu espainiarraren izaera faxista eta antidemokratikoa agerian utziko dugu eta Euskal estatuaren hastapeneranzko pauso bat emango dugu», esan zuen.

Ertzaintza atzetik

Oztopo askori aurre egin behar izan dio ezker abertzaleak kanpainan zehar. Atzo ere Ertzaintzak hainbat ekimen galarazi nahi izan zituen. Irunen adibidez 15 lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, propaganda banatzeagatik, aurretik Guardia Zibilak gelditu ostean.

Mutrikun, berriz, 200 bat pertsona bildu ziren kanpainari bukaera emateko, baina Polizia autonomikoak ez zien utzi eki- taldia egiten eta hainbat pertsona identifikatu zituen. Hala ere, debekuak gainditzeko ahalmena erakutsi du beti ezker abertzaleak. Horren adibide D3M-ren alde ostegunean Ziortza- Bolibarren 40 bat lagun batu zituen herri afaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo