GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bil ta Garbi-k eta Baionako auzapezak zabortegiari buruzko «gezurrak» argitzeari ekin diote

Ainize BUTRON |

Jean Grenet Baionako auzapeza eta Alain Iriart Bil Ta Garbi sindikatuko lehendakariak prentsaurrekoa eman zuten atzo, Batz gunean eraikitzekotan diren zabortegiaren inguruan sortu eztabaidari buruz iritzia eman eta hainbat gauza argitzeko.

Joan den asteartean egitasmoaren aurka sortutako elkarteak antolaturiko bilkura publikoan, izan ere, berrehun bat lagun elkartu ziren, eta Baionako oposizioko talde orok aurkako jarrera azaldu dute. Iritzi horien aurrean, Bil ta Garbi-k Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako zaborren tratamenduari buruz bideratu egitasmoa lantzeko orduan urrats guztiak eztabaida erabiliz eta argitasunez eman zituela adierazi zuen Iriartek. Urratsez urrats hartu diren erabaki guztiak gogorarazi zituen, eta, horiek oro finkatzeko orduan hausnarketa, ikerketa eta adostasuna erabili direla esan zuen. Batz guneko proiektuari dagokionez, 2006an finkatua izan zela esan zuen. 7,5 hektareatan kokatua, bertan, Lapurdiko etxeetako 75.000 tona zabor eta birziklaturiko, beste, 20.000 tona tratatuko dira, horietarik bi herenak BABetik ekarritakoak.

Teknika berritzailea

Horrenbestez, Iriartek argi utzi nahi izan zuen Bil ta Garbi-k hasieratik erraustegia sortzeko proiektua baztertu zuela, egungo zabor tratamendurako teknika berriei lehentasuna emanez. Batz gunean, izan ere, mekano biologiko teknika baliatzen duen zabortegia eraikiko da. «Teknika horren bidez materia ahal bezain beste txikitzen da. Jusa edo gasak berreskuratzen dira, eta, zabor kopurua murriztea du helburu», argitu zuen. Horri buruzko informazioa zabaltzeko Bil Ta Garbi-k herritar orori zabalduriko gune bat ireki du martxoaren 31 arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo