GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Euskaldunak eta Landetakoak aurrez aurre izango dira

Biarritzek Akize hartuko du Agilera estadioan, eta Avironek Mont de Marsanen jokatu beharko du Stade Montoisen aurka. Bi partidak 14.30ean hasiko dira.

p045_f01_18485.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Lapurtarren eta Landetakoen arteko partidak izango dira gaur Top 14an. Biarritzek etxean Akize hartuko du, eta Avironek, aldiz, Mont de Marsanen jokatuko du Stade Montoisen aurka (16.30). Bi partidak irabazi beharrekoak dira, bi euskal taldeek puntuen premia dutelako nahi duten helburua betetzekotan. Gainera, bai Akizekoak, eta baita Mont de Marsanekoak ere, sailkapeneko azkeneko bi postuetan daude.

Aviron izango da Landetako hiriburura bisitari joango dena, Staderen aurka jokatzera, (14.30). Lapurtarrek garaipen handia erdietsi zuten joan den larunbatean Perpinyaren aurka eta indarrez gainezka joango dira gaurko neurketa jokatzera.

Sailkapenean bosgarren postuan daude. Beren lehen helburua, Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzea izango da. Hala ere, Liga estreinako lau postuetan amaitzea ere ez dute baztertzen. Horrek finalerdiak jokatzeko aukera emango lieke, eta hori ere biziki desio dute Lapurdiko hiriburuan.

Horretarako ezinbestekoak dira gaurko lau puntuak, eta ahal bada, baita puntu gehigarria lortzea ere. Aurtengo denboraldian hiru aldiz neurtu dira bi talde hauek. Behin Ligan, eta bi aldiz European Challengen. Hiruretan zuri-urdinak atera dira garaile, eta gaurkoan ere gauza bera egingo duten itxaropena dute.

Biarritzek iragan larunbatean eman zuen amaitutzat bere bolada ona, baina Heineken Kopako txartela lortzekotan, gaur ezin dute hutsik egin Akizeren aurka. Zuri-gorriak Agilera estadioan arituko dira, eta azkenaurrekoaren aurka bost puntu batzeak garrantzi handia izango luke.

Zuri-gorriek urte berriarekin batera asko hobetu dute, baina iragan astean bigarren zati kaskar baten ostean, galdu egin zuten, aurkari zuzen baten aurka. Gaurkoan ezin dute barkatu, eta garaipena ezinbestekoa dute. Neurketa, ordea, ez da erraza izango, Landetako taldean Biarritzen ibilitako jokalari bat baino gehiago baitaude, eta lapurtarren aurkako partidak beraientzat oso bereziak izaten dira. Gainera, asko dute jokoan, galduta, are zailago izango dute mailari eustea, eta Agileran beraientzat punturen bat eskuratzea handia izango da. Imanol Harinordoki izango da euskaldunen artean bajarik garrantzitsuenetakoa.

Bosgarren postua

Baionako taldearentzat garrantzi handia du garaipena lortzeak, horrela bosgarren postuari eutsiko bailioke, eta laugarrena ere gertu izango luke. Heineken Kopan sartzea dute helburu, baina finalerdiak ere ez dituzte baztertzen.

Jokalari ohi asko

Biarritzentzat ere ezinbestekoa da lau puntuak batzea heldu den urtean Europako lehiaketarik handienean izateko aukera galdu nahi ez baldin badu. Neurketa ez da samurra izango, Akizen Biarritzeko jokalari ohi ugari baitago.

Getxo eta Gernika, Urrezko Koparen bila

Urrezko Kopak gaur izango du amaiera, 16.00etatik aurrera Faduran. Bertan Getxo Artea eta Gernika neurtuko dira. Lehiaketa hau EAEko Federazioak antolatu du, Estatu espainoleko Ligan dabiltzan taldeek geldialdi asko izaten dituztela-eta.

Finala orekatua izango da itxura guztien arabera. Getxo Artea Ohorezko Mailan dago, baina bolada izugarri txarrean dago, eta une honetan jaitsierako postuan dago. Gernika maila bat beherago dago, Ohorezko B Mailan, alegia, baina Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzeko txartela poltsikoan du. Beraz, norgehiagoka oso estua eta polita iragartzen da, eta gernikarrek, gainera, maila bikaina dutela erakusteko aukera paregabea izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo