GARA > Idatzia > > Kirolak

Aizkora Apustua

Zubizarreta agertzen da faborito Txikonen aurka izango duen deman

J.L. | DONOSTIA

Joxe Felix Zubizarreta eta Alex Txikon bihar neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan 12.30etik aurrera. Aizkolariek 16na kana-erdiko erdibitu beharko dituzte, eta alde bakoitzak 3.000 euro ditu jokoan. Enborrak Zubizarretak eramango ditu.

Apustu estua iragartzen da. Biak hasiberri samarrak dira aizkora munduan, baina Zubizarretak eskarmentu handiagoa du. Arraunean ibilitakoa da Zarautzen bizi den azpeitiarra. Txikon, aldiz, mendizalea ere bada, eta apustua amaitu bezain pronto joango da Andorrara, ondoren Himalaia aldera joango den taldearekin bilduta egoteko. Faboritoak aipatzerakoan, zaleek gipuzkoarraren alde egiten dute, azken urte hauetako lehiaketetan hobeto ibili baita, nahiz eta azkeneko Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketan ez zen alde handirik izan.

Lana handia da, eta bietako inor ez da aritu plazan horrelako lan batean, ez eta apustuetan ere, eta horrek ere asko baldintzatu dezake desafio hau. Zubizarretak Agite eta Otaegi izango ditu laguntzen, eta Txikonek, aldiz, Mendieta eta Azumendi.

Batzarra

Euskadiko Herri Kirol Federazioan gaur aukeratuko dute datozen lau urtetarako presidentea. Lehenengo deialdia 09.30ean izango da, eta ordu erdi geroago bigarrena. Ondoren ohiko batzarra ere egingo du Euskadiko Federazioak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo