GARA > Idatzia > > Kultura

Etxepare beka irabazi zuen «Zirkua amets» ipuina plazaratu du Pamielak

GARA | UHARTE

Pamiela argitaletxe nafarrak Joxan Ormazabalek idatzi eta Iraia Okinak marraztutako «Zirkua amets» liburua aurkeztu berri du.

Amona eta iloba pertsonaia nagusi dituen istorioak ametsetako kontakizuna, zirkua eta bidaiak ditu ardatz, Pamielak dioenez: ««Zirkua amets» bi bidaia biltzen dituen istorioa da, benetako bidaia eta irudimenezko bidaia. Ezinezkoa ere posible den mundu batera eginiko bidaia, eta itzulerako bidaia gure mundura». Irudiei dagokienez, berriz, «minimalismoaren bidez eta kolore gutxi erabiliz, ipuinaren unibertso onirikoa ederki islatu izana» goraipatu zuten. Obrak, beraz, «amets egiteko aukera ematen du».

Joxan Ormazabal idazle eta itzultzaile tolosarra da, hogeitik gora haurrentzako euskarazko obraren egilea eta Iraia Okina, berriz, Durangoko irudigile gaztea.

Zazpi urtetik gorako haurrentzako egokia, liburua euskaraz argitaratu du Pamielak, eta gaztelaniaz («Sueños de Circo) zein galegoz («Soños de circo»), Faktoria K argitaletxeak.

Liburuak II. Etxepare Bekaren emaitza da. Epaimahaiaren esanetan, «Zirkua amets» liburuak «maisuki heltzen dio haurraren beldurren gaiari» eta gainera, «bere egitura borobila» ere nabarmentzekoa da. Horregatik lortu zuen beka, aurkeztu ziren hamazortzi lanen artean.

Album irudidunak

Nafarroako hogeita hiru tokiko entitatek -udal eta mankomunitatek- Nafarroako Euskararen Institutuarekin batera antolatutako saria da Etxepare Beka, haurrentzako euskarazko album irudidunak sortzeko proiektu onenak saritzeko sortua. «Haurrei zuzenduriko idazlan ilustratuak» aurkez daitezke, «bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean». 6.000 eurokoa du saria, erdia izendapena jaso bezain laster eta beste erdia amaieran kobratzekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo