EHEk Lakuak hizkuntza eskubideak urratu dituela salatu du
GARA |
Atzo goizean Jaurlaritzako Zuzeneko Zerbitzu Agente izateko hautaketa-proba egin zen Durangoko Landako gunean. Azterketa, aurretik euskaraz eskatzeko aukera egon bazen ere, gaztelania hutsean egin behar izan zuten aurkeztu zirenek, izan ere, bestelako aukerarik ez zen izan.
Euskal Herrian Euskaraz-en esanetan, «Jaurlaritzak hautagaien hizkuntza eskubideak urratu ditu» eta hautagaiei babesa emateko asmoz, elkarretaratzea egin zuten «Jaurlaritzako azterketa gaztelania hutsean? Euskara menpekotik lehentasunezkora!» lelopean.
LAB sindikatuak ere salaketa horrekin bat egin zuen eta honako eskakizuna egin zuen: batetik, «hautaketarako prozedura berehala geldiaraztea», proba psikoteknikoak euskaraz egiteko aukera izan arte. Eta bigarrenik, ikastaroan esku hartuko duten «hautagaiak aukeratzeko beste sistema bat ezartzea, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituena».