Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin nahi dio NBEk Kongon
Nazio Batuen Erakundeak emakumeen aurkako sexu indarkeriari egin nahi dio aurre Kongon, atzo Ban Ki-moon idazkari nagusiak Kisangani hirian adierazi zuenez. Herenegun gizateriaren aurkako krimenak zigortu gabe ez direla geratuko agindu zuen.
GARA |
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia Kongoko Errepublika Demokratikoan izan zen atzo eta Tanzanian herenegun; gaur Ruandara joatekoa da eta, bihar, Egiptora, Palestinako Ekonomiari Laguntza emateko Nazioarteko Konferentzia inauguratzera. Atzo, emakumeen aurkako indarkeriari buruz aritu zen Kongon, herrialde horretan indarkeria mota hori oso ohikoa baita, eta NBEren kasko urdinak ere bortxaketa horietan nahastuta egon izan baitira.
Indarkeria horri aurre egitea «NBEren lehentasun garrantzitsuena» izango da Kongon. Joseph Kabila presidenteari borroka horrekin bat egiteko eskatu zion, «zigorgabetasunari» aurre egiteko. Azken urteotan gerrek behin eta berriz astindu duten Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean oso maiz gertatzen dira bortxaketak, beste inon baino maizago, eta Ban Ki-moonek berak esan zuenez, «hamar bortxaketako zortzi, uniformedunek egiten dituzte», hau da, gerrillariek, militarrek eta segurtasun indarretako kideek.
NBEk Kongon duen «bake indarra» munduko handiena da, ia 17.000 militar baititu, baina ez du genozidioa geldiarazi (bost milioi hildakotik gora azken urteotan). Aurki beste 3.000 soldadu bidaliko dituzte.
Hegokorearrak egin dituen kalkuluen arabera, Kongok eta Ruandak elkarrekin lan egiten badute, agindu duten moduan, 20.000 kasko urdin horiekin herrialdeak «bakea eta egonkortasuna» lor ditzake.
Hilde Johnson Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko zuzendariordeak ere Kongoko ekialdea bisitatu du, Ki-moonen bidaia baliatuz. Talde armatuek beren esku omen dituzten 3.500 haurrak askatzeko exijitu du. Bere datuen arabera, dagoeneko 30.000 ume inguruk utzi dituzte armak Unicefen laguntzarekin.
Ban Ki-moon Ruandan izango da gaur; Paul Kagame presidentearekin bilduko da bertan. Tanzanian egon zenean ere, ostiralean, Ruanda izan zuen hizpide, Arushan egoitza duen Ruandarako Nazioarteko Auzitegia bisitatu baitzuen. Bertan esan zuen genozidio eta gizateriaren aurkako krimenen egileek ez dutela zigorgabetasunik izango. Egun horretan bertan jakinarazi zuen Arushako auzitegiak 25 urteko kartzela zigorra ezarri zaiola Emmanuel Rukondo kapilau militarrari, apaiz katolikoari alegia, 1994ko apirilean eta maiatzean Ruandan egin zen genozidioan esku hartzeagatik. Epaileek bere aurkako zigorra larriagotu egin dute, oso apaiz ezaguna eta heziera onekoa zelako. Arushan zigortu duten bigarren apaiza da.
Urte horretako apirilean eta maiatzean, Rukondo apaizak gutxienez lau aldiz esku hartu zuen «tutsi etniako iheslarien bahiketa eta hilketetan», Arushako auzitegiak ezagutzera eman duen epaiaren arabera.