Zulotik urrundu nahian
Laso: «Joventut Ricky Rubio baino askoz gehiago da»
Lasok DKVren trinkotasuna goraipatu zuen eta argi utzi nahi izan zuen edozein postutan min egiteko gai diren jokalariak dituela Kataluniako taldeak.
GARA | GASTEIZ
Bruesak behin betiko utzi nahi du sailkapeneko zuloa eta Iurbentiaren aurka azken jardunaldian lortutako garaipenak animo handia eman dio talde gipuzkoarrari. Baina igoera hori hel dadin, lehenbizi «erregulartasun» kontzeptua barneratu behar dute donostiarrek. Gaur aukera bikaina dute, talde «handiago» -munduko komatxo guztiak erabilita- baten aurka emaitza on bat lortzeko edo gutxienez azken neurketan utziriko zapore goxo horren gozoa luzaroago mantentzeko.
DKV, ordea, ez dabil inori opariak egiteko moduan. Kopan, lehen neurketan Estudiantesen aurka galtzea sekulako jipoia izan zen talde kataluniarrarentzat, eta berriro heldu nahi dio hain berezkoa duen joko zuzen eta azkarrari emaitza onen bidera itzultzeko, eta goiko postuetatik gehiegi ez urruntzeko.
Donostiarrek markagailu baxu baten aldeko apustua egingo dute. «Gure irabazteko aukerak asko haziko dira haiek 80 puntuen langa gainditzen ez badute», esan zuen Lasok prentsaurrekoan. Joventuti irabaztea lan zaila izango dela aitortu zuen prestatzaile arabarrak: «Oso azkar mugitzen dira trantsizioetan, eta haien erritmoaren sarean erortzen bagara, galtzeko asko dugu». Donostiarren entrenatzaileak aktibo guztiak izango ditu eskura. David Doblasek bizkarreko arazoak izan ditu astean zehar, baina jokatu egingo du.
Kanpoko jaurtiketarekin tentuz
Askok ukatzen badute ere, talde kataluniarrak hiruko jaurtiketen menpekotasuna du. 6,25etik eginiko saiakerak sartzen ez direnean, sekulako arazoak izaten dituzte partidak irabazteko. Gainera, Sito Alonsoren taldeak alor horretan funtsezkoa den jokalaria berreskuratu du: Jasaitis. Baina horri ere Lasok buelta eman nahi izan zion. Izan ere, Ilunbeko lehen itzuliko partidan Hernandez Sonseca pibota izan zen «guztien gainetik min gehien egin zigun jokalaria».