Osbert Parker eta Lourdes Bañuelosentzat izan dira ikusleen sariak Gasteizko Zinemasten
Osbert Parker-en «Yours truly» film laburra eta Lourdes Bañuelosen «Vivir con las botas puestas» film luzea izan dira Gasteizko Zinemasteko ikusleen lanik gustukoenak. Atzo banatu ziren sariak.
GARA | GASTEIZ
Zinemasteko ikusleek bozkatutako film laburren saria Osbert Parkerrek irabazi du «Yours truly» lanarekin. Film luzeen saria, berriz, Lourdes Bañuelosentzat izan da «Vivir con las botas puestas» filmagatik.
Arratsaldeko zazpietan hasi zen sari emate ekitaldia Vital Kutxaren Fundazioa aretoan. Silvia San Miguelen piano doinuekin eman zitzaion hasiera saioari eta «Entre tejidos» ikus-entzunezko poesia lanaz ere gozatu zuten bertan bildutakoek. Carmen San Esteban aktoreak aurkeztu zuen ekitaldia.
Parker eta Bañuelosekin batera, gaueko protagonista zendutako Ion Gabella aktorea izan zen, berari eman baitiote Gutako Bat saria antolatzaileek. 2002an hil zen istripuz aktorea eta oso une hunkigarria bizi izan zen Aurea Nalda, Ion Gabellaren ama, eta Maddi Astorga, iloba, oholtza gainera igo zirenean. Saria Araceli de la Horrak, Gorka Aginagaldek eta Eloy Beatok eman zieten.
Gabellaren ibilbideari errepasoa egiten zieten hainbat irudi eskaini ziren une hartan.
Eguneko ekitaldiak eguerdi partean hasi ziren; Laida Lertxundik, Gonzalo de Pedrok eta Andres Duquek zinema jaialdiak iraun duen egunetan egindako lana aurkeztu zen. Lertxundi Gasteiztik kanpo zen atzo, baina beste bi zuzendariek Zinemasteko «ikus-entzunezko egunerokoa» azaldu zioten publikoari eta eztabaida ere sortu zen lana inguruan. Arratsaldea Koldo Almandozen «Belarra» eta Gracia Querejetaren «Hector» filmak ikusiz hasi zen.
Iluntzeko sari ematearen ondoren, Gorka Merchanen «La casa de mi padre» filma eskaini zen. Donostiako Zinemaldian estreinatua, Arabako hiriburuan lehen aldiz ikusteko aukera izan zen atzo. Zuzendariarekin batera, Aitor Beltran eta Arkaitz Gartziandia aktoreek parte hartu zuten aurkezpenean.
Gorka Merchanen lana
«La casa de mi padre» lehen luzea 2007an zuzendu zuen donostiarrak. Iaz «Preparacion» lanari ekin zion, Eduardo Chillida Belzunce margolariari buruzko dokumentala. Orain «La casa del enigma» filmatzen ari da, artista berari buruzko beste dokumentala.
Zinemasteak 25 urte bete ditu aurten. «Zinema munduko berrogeita hamar profesional baino gehiago bildu ditu jaialdiak -nabarmendu dute antolatzaileek-. Horiek publikoarekin topatzeko, eta lanak eta ideiak trukatzeko gunea aurkitu dute». Aitzol Aramaio, Jon Garaño, eta Gorka Cornejo dira izan diren zuzendari gazteetako batzuk.
Osbert Parker eta Lourdes Bañuelosekin batera, Ion Gabella zendutako aktorea izan zen gaueko protagonista. Aurea Naldak, bere amak, eta Maddi Astorgak, Gabellaren ilobak, jaso zuten Gutako Bat saria.