GARA > Idatzia > > Kultura

Xabier Silveirak eskuratu du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela

GARA | ALTSASU

Xabier Silveira da Iñigo Olaetxearekin batera Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatu den bigarren bertsolaria. Atzo eskuratu zuen finalerako txartela lesakarrak, Altsasun egindako saioan 346'5 puntu lortuta. Jon Elizetxek 307,5 puntu jaso zituen eta datorren larunbatean jakingo du finalean izango den ala ez, Antsoainen hirugarren finalaurrekoa jokatu ondoren.

Elizetxeren atzetik Miel Mari Elosegi Luze (299,5), Aimar Karrika (295), Saioa Alkaiza (280,5) eta Alazne Untxalo (276) sailkatu ziren. Atzoko saioa irregular samarra izan zen eta nabarmentzekoa da «zure amonaren egunerokoa aurkitu duzu kutxa batean» gaiari Jon Elizetxek eta Xabier Silveirak kartzelako lanean bota zizkioten bertsoak. Ofizioka Silveira eta Alkaiza ere ondo aritu ziren.

Atzo 200 pertsona inguru bildu ziren Ioartia kultur etxean.

Asier Otamendi sailkatu da

Arabako Txapelketa ere aurrera doa. Asier Otamendi suertatu zen garaile ostiral gauean Oiongo La Cueva jatetxean jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketan.

Saio polita atera zen, ofiziotan bertsolari batek baino gehiagok zailtasunak izan arren. Maila polita eman zuten orokorrean eta nabarmentzekoa izan da bi gazteenen lana, Xabi Igoa eta Ander Solozabalena. Igoa lehen aldiz ari da txapelketan.

Puntuazioari begiratuta, 162 eskuratu zituen Otamendik. Bigarren Andere Arriolabengoa sailkatu zen 148 punturekin. Atzetik Izar Mendiguren (138), Xabi Igoa (137), Ander Solozabal (135,5) eta Alberto Martinez Beitto.

Antolatzaileak gustura ageri dira Oion bertako bertsozaleen parte hartzearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo