GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zornotzako epaitegiari eta hiru kutxazaini su eman diete molotov koktelak jaurtita

Eraso ugari izan ziren Zornotzan gau bakarrean. Burua estalita zeramaten hainbat pertsonak Bake Epaitegiari eta hainbat banketxetako kutxazaini su eman zieten, molotov koktelak jaurtita.

p019_f02_353.jpg

GARA |

Zornotzan gertatutako sabotajeen egileek aurpegia kaputxaz estalita zeramaten Ertzaintzak jakinarazi duenez. Erasoak igande goizaldean gertatu ziren, 00.40 aldera, eta kalte ekonomikoak eragin dituzte.

Barne Sailak adierazi duenaren arabera, lehenengo unean San Migel kalera abiatu ziren kaputxadunak. Bertan hainbat banketxe daude, eta horietariko hiru kutxazaini su eman zieten.

Bata BBKrena da, bigarrena Banco Guipuzcoano-rena eta bestea, Banco de Santander Central Hispanorena (BSCH). Molotov koktelak erabili zituzten erasoa egiteko.

Jarraian, herriko plazarantz abiatu ziren, Zornotzako Bake Epaitegiari eraso egiteko asmoz. Horri ere su eman zioten.

Kalte handirik ez

Ekintzok kalte material txikiak eragin zituzten. Kaltetuen gelditu zena BBKren kutxazaina izan zen, hondaturik utzi baitzuten. Gainerako bi kutxazainetan olio arrastoak besterik ez zeuden eta Zornotzako Bake Epaitegiari dagokionez, berriz, sarrerako ingurua belztuta geratu zen, baina sugarrak ez ziren eraikin barrura iritsi.

Aurretik ere izan dira horrelako erasoak Bizkaiko herri honetan, albiste agentziek nabarmendu dutenez. Esaterako, 2007. urteko abuztuan lau kutxazain automatikoren aurkako sabotajeak izan ziren, eta gau berean Bake Epaitegiari ere eraso egin zioten.

Horrez gain, 2006ko ekainean ere epaitegiko horma nagusian sutea eragin zuten erasotzaile batzuek, molotov koktelez gain gasolina erabiliz. Orduko erasoan ere belztuta gelditu zen epaitegia.

Bestalde, Algortako batzokiari ere margo gorria eta horia jaurti zizkioten larunbat gauean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo