Sistemaren katebegi ahulak elkarren artean borrokan, agintea eredu kapitalista salbatzen ari den Bitartean
Krisi garaietan langabezia areagotzen delarik, norberaren egoeraren erruduna alboan bilatzeko joera ez da berria. Horrela, emakumeek gizonezkoei lana kentzen dietela edota atzerritarrek bertakoen lanpostuak bereganatzen dituztela entzun ohi da. Antzeko zerbait gertatzen ari da egunotan Ipar Euskal Herrian harakinen eta abeltzainen artean eta baita arrantzaleen eta arrain-saltzaileen artean ere.
Arantxa MANTEROLA
Harakinek piztu zuten sua iragan astean abeltzainek ekoizpena zuzenean saltzen dutela-eta «konkurrentzia bidegabea» egiten dietela argudiatuta. Haien ogibidea ez ezik, ofizioa bera ere arriskuan jartzen ari direla salatu zuten. Kostaldeko harakinek baino, barnealdekoek jasango lituzkete, nagusiki, salmenta zuzenaren ondorioak. «Apurka gu hiltzen ari dira», esatera iritsi zen Arrosako harakin bat.
Nonbait Donibane Garaziko hiltegian astero dozenatik gora txahal hiltzen dituzte abeltzainek gero zatika partikularrei saltzeko eta Mauleko hiltegian egoera antzekoa dela zioten harakinek. Hainbat abere ezkutuan akabatzea ere leporatu zieten abeltzainei. Asteazkenean, Baionan harakinek urtero egiten duten idi azokan jarritako pankartek argiki adierazten zituzten akusazioak: «Ez diru publikoaren erabilerarik hiltegietan, merkatu pribatuen mesedetan».
Abeltzainen «harridura»
Abeltzainek ez dute denborarik galdu gauzak horrela ez direla azaltzeko. Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea eta Idoki kalitatezko desmartxan dauden laborariak «arrunt harrituak» dira «eraso eta laido» horiengatik. «Elkarren arteko lehiarik» ez dagoela baieztatu dute: «Ez dugu merkatu bera. Gero eta kontsumitzaile gehiagok jakin nahi du non eta nola ekoizten diren elikagaiak, eta laborantza iraunkorraren hautua egin dugunok hurbileko sareak antolatu behar direla uste dugu. Baina guk, harategietan ez bezala, gutxieneko kilo kopurua (5) eta animaliaren zati guztiak, onenak eta gainerakoak saltzen dizkiegu gure erosleei».
Ekoizteak duen lanarekin eta kostuekin «diru-sarrera duinik» ez dutela-eta, zuzeneko salmentari esker «biziraun, etxaldeak mantendu, lanpostuak iraunarazi eta berriak sortzea» lortzen dutela diote. Areago, hiltegiek funtzionatzen segitzen badute, beraiek erabiltzen dituztelako dela adierazi dute: «Maulekoak, esaterako, 30 langile ditu egun eta instalazioak hobetzekotan dira».
Abereak ezkutuan hiltzen ari direla esatea «zentzugabekeria hutsa» da abeltzainen aburuz: «Harakinek ez al digute bada leporatzen hiltegiak gure abereekin betetzen ditugula? Gure jarduna erabat gardena da; hazkuntzatik hiltegiraino kontrolatua eta merkaturatzeko osasun baldintza guztiak betetzen ditugu».
Abeltzainen ustez, «harakinek okerreko jomugatzat» hartu dituzte: «Erraza da txikiagoaren aurka egitea, baina oker dabiltza. Merkatuan eta kontsumo praktikan jazo den aldaketaren ondorioak jasaten ari dira harakinak ere. Beren funtzionamenduari begiratu beharko liokete, handizkako banatzaileei erosten baitiete gehienek salgaia, errazen saltzen diren zatiak soilik eskuratzeko».
Donibane Lohizune-Ziburuko portuan arrantzaleak eta arrain-saltzaileak gorabehera bertsuetan dabiltza. Arrantzaleak kexu dira krisia medio, enkanteko prezioak gero eta apalagoak baitira eta kostuak estaltzeko adina ere heltzen ez direlako. Egoeraren aitzinean, arrantzatutakoa zuzenean kaian saltzeari ekin diote, abeltzainek bezala, «gutxienez balio erantsia gureganatzeko».
Arrain-saltzaileek, jakina, ez dute begi onez ikusi ekimena. «Normalean udaberrian zuzeneko salmentak izaten dira, baina orain arrain asko sartzen ari da portuan. Arrantzaleek muga jarri beharko liokete beren buruari, bestela dagoeneko gainbeheran dagoen merkatua itoko dute».
Akusazioak nagusi
Harakin edota abeltzain guztiek jokamolde zital bera ez dutela diote batzuek eta besteek. Elkarrekin hitz egiteko premia ere nabarmendu dute, «ea behingoz lankidetzan» aritzerik baduten, asmo on horiek, Idokikoen esanetan, asmo hutsetan geratu baitira beti.
Alta, oraingoz bederen, akusazioen joan-etorriak hartu du gaina. Gatazka sistemaren katebegi ahulenen artean, kasu honetan merkatari txiki eta ekoizle txikien artean agertu da. Bitartean, eredu ekonomiko merkantilista eta dirutza handiak maneiatzen dituen finantza-mundua salbatzeko ahaleginean dabiltza agintariak. Eta «txikiak», elkarren artean borrokan.