GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

PORTLAND Txapeldunen Liga

Europan ateak zabalik dituzte oraindik iruindarrek

Garaipen garrantzitsu honi esker, final-laurdenetara sailkatzeko aukerari eusten diote nafarrek.

p042_f01_199x116.jpg

P. SAN ANTONIO 27

HSV HANBURGO 24

GARA | IRUÑEA

Portland San Antoniok garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo HSV Hanburgoren aurkako partidan. Horri esker, Txapeldunen Ligako hurrengo fasera pasatzeko aukera du oraindik. Svensson atezainaren geldialdiek eta talde nafarrak kontraerasoan egindako min handiari esker lortu zuten garaipena iruindarrek.

Alemaniarrek final-laurdenetarako sailkapena eskuan dute jada -zortzi puntu dituzte-, baina lehenengo zatian jaun eta jabe izan zen Portland. Bigarren zatian, ordea, iruindarren maila fisikoak behera egin zuen lehenengoan egindako esfortzu handiaren ondorioz. Hala, partida amaitzeko hiru minutu falta zirela, alemaniarrak hiru gol atzetik jarri ziren (25-22).

Hanburgok normalean erabiltzen duena baino defentsa itxiagoa erabili zuen atzokoan, baina hori ez zen eragozpena izan Portland San Antoniorentzat. Iruindarrek oso defentsa lan ona egin zuten eta Svensson atezainak, gainera, baloi ugari atera zituen ateko marratik.

Horrez gain, alemaniarren bi jokalari kanporatu zituzten epaileek eta horrek markagailuko emaitza handitzen lagundu zien nafarrei. Hamar minututan 9-2ko partziala lortu zuen Portlandek eta Hanburgok atezaina aldatzea erabaki zuen.

Aldaketak ez zuen nafarren jokoan eragin handirik izan. Defentsak serio eta gogor jarraitu zuen, baina taldea, orokorrean, nekea nabaritzen hasi zen eta zenbait huts nabarmen egin zituen. Hanburgoko Lackovicek aukera aprobetxatu zuen zenbait gol jarraian egiteko.

Gauzak horrela, Hanburgo partidan sartu zen berriz ere. 24. minutuan 13-8ko emaitza ageri zen markagailuan, baina Chechu Villaldea iruindarren entrenatzaileak eskatutako atseden tarteak erritmoa moztu zien alemaniarrei. Hernandez agertu zen orduan, kontraerasoan bien arteko aldea handitzeko. Atsedenean, Portland 16-9 zegoen aurretik.

Iruindarren kemena

Bigarren zatian gorabehera ugari izan zituen markagailuak. Svenssonek amesgaizto izaten jarraitu zuen atean eta gol bakarra besterik ez zuten sartu alemaniarrek bigarren zatiko lehen hamar minutuetan. Hala, Portland 23-14 jarri zen aurretik, partidako alderik handiena.

Hori ikusita, urduritzen hasi zen Hanburgo joaneko partidako golen errenta hobetu baitzezakeen Portlandek -34-23 amaitu zuten partida hura-. Hala, indarrak hartu eta 25-22 ipini ziren alemaniarrak markagailuan. Baina, hutsik ezin zutela egin jakinda, iruindarrek kemena atera eta Juanchok bi gol sartu zituen, hurrengo fasera sailkatzeko aukerari eutsiz.

GORABEHERAK

Norgehiagokaren bigarren zatian gorabehera ugari izan ziren. Portland 23-14 jarri zen aurretik ; 25-22ra gerturatu zen ondoren Hanburgo; azken minutuetan iruindarrek kemena atera eta 27-24 amaitu zuten partida.

AUKERAK

Txapeldunen Ligako final laurdenetara sailkatzeko aukera du oraindik Portland San Antoniok, beti ere Kopenhagen Handbolden aurka garaipena lortzen badu eta Chehovskiek Alemanian irabazten ez badu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo