MENDIKO SARIAK EMF
Kresalak eta olatuek Mendizaletasunaren Galari harrera egin zioten
Joan den ostiralean, Zarautzen, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako gala egin zen. Mendiko jarduera ezberdinetako sariez gain, «Pyrenaica» aldizkariaren lehiaketetakoak ere banatu ziren.
Andoni ARABAOLAZA | ZARAUTZ
Iazko urtearen amaieran, Pagoeta Mendizale Taldearen 50. urteurrena zela-eta, aipatu genuen Zarautzek baduela nabarmentzeko bereizgarririk. Itsasertzean dago, eta horrek, adibidez, bertan surfa praktikatzeko aukera ezin hobea ematen du. Hala ere, zarauztarrek ere badute mendirako grina, eta, horrenbestez, bi kirolak eskuak elkar hartuta bizi dira.
Bada, hain zuzen ere, iragan ostiralean, Pagoetakoek antolatuta, Euskal Mendizale Federazioaren XIII. Gala egin zen; abenduko hauteskundeetako ondorengo zuzendaritza berriaren lehen ekitaldi nagusia izan zen.
Ohi den legez, mendizaletasunaren festa honetan, batez ere, sariak dira protagonista. Bi, hain zuzen ere: federazioarenak eta «Pyrenaica»renak.
Gala Oteiza Lizeoan egin zen, eta, ohiko agurren ostean, «Sarradets» izeneko zinta -bertara eginiko txangoa agertzen duena- ikusteko parada izan zen, Erlo telebistak mendi irteerei eskaintzen dien tartearen barnean.
EMFren sariak
Horren ondotik, Galako lehen sarituak taularatu ziren. Euskal Mendizale Federazioak banatutakoak izan ziren lehenbizikoak. Mendiko Lasterketen Saria, adibidez, Alberto Aierbek jaso zuen; hots, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren zuzendaria. Villabonara joan zen Sheve Peña Saria, iraupen luzeko ibilaldietan bikainen aritutakoak saritzen dituena. Aurtengoan Kontxi Eizmendi izan zen sari hau irabazi zuena.
Alpinismo jarduera onena saritzen duen Andres Espinosa Saria G-IV espedizioarentzat izan zen. Alberto Iñurrategi eta Jose Carlos Tamayo bertan ziren. Iaz Fuenfrian hildako Iñaki Cabo Angel Sopeñaren Saria irabazi zuen, bere eskalada ibilbidea goraipatuz.
Alberto Gonzalezek Antxon Bandres Saria jaso zuen Ehun Mendien lehiaketan egindako lanagatik. Eta, azkenik, Andres de Regil Saria, mendiko eskiari lotutakoa, Andoni Areizagarentzat izan zen, Altitoy lasterketan eginiko lan bikainagatik.
«Pyrenaica»ren sariak
Aldizkariarenak izan ziren hurrengo sariak. Mendi argazkien lehiaketari dagokionez, Asier Aranzabalek irabazi zuen «Ura: Bizitzaren jainkoa» bildumagatik. Bigarrena Juan Jose Lopez izan zen «Animales de sangre fría» lanagatik, eta hirugarrena Javier Sanchez «Gredos en invierno» bildumagatik.
Mendiari buruzko artikuluen lehiaketan, lehendabiziko saria Gabriel Martinek eskuratu zuen «Gredos, pasión vertical» lanagatik. Bigarren lan onena, Sahararen barrenak miatzen», Mila Gallastegik eta Asier Aranzabalek erdietsi zuten. Iñigo Jaureguiren «Tiatordos, una montaña para todas las estaciones» lana izan zen hirugarren saritua. Aipatu beharra dago, Euskal Herritik kanpoko hiru saridun izan zirela: Sanchez eta Martin madrildarrak eta Logroñoko Jauregui.
Pyrenaicaren Lagunak Saria, banatutako azkena, Madril aldera joan zen. Jose Martinezek jaso zuen 1985ean aldizkarirako bere lehenbiziko artikulua idazteagatik.
Pagoeta mendi elkartekoek Euskal Mendizaletasunaren Gala antolatu zuten. Ekitaldian Euskal Mendizale Federazioaren zein «Pyrenaica» aldizkariaren sariak banatu ziren