GARA > Idatzia > > Kultura

Hiriak eta poesiak bat eginen dute Baionan, Ethiopiques jaialdian

Martxoko Ethiopiques jaialdiaren lehen edizioa astelehenean hasi eta larunbatera arte luzatuko da Baionan. Hiriko auzoetako denda, kafetegi, jatetxe, plaza, pisu eta udal aretoetan artisten sormenaren nondik norakoez gozatzeko aukera izanen da. Hiriak bat eginen du jaialdiarekin, eta jaialdiak gizartearen erritmoarekin; horretarako, eguneko orduaren araberako ekitaldiak eskainiko dituzte, musikari, aktore, poeta eta kantariek.

p056_f01_203x112.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Sorkuntzaren materia dugu lehengai eta asmatuko duguna Baiona eta jendea izanen dira», azaldu zuen jaialdiaren programatzaile Fabien Noguek. «Artistei Baiona azterkatzea proposatu genien, non aritu nahi zuten erabaki zezaten. Beste hirietatik etortzen direnei Baionarekin erlazio geo-poetikoa sortzea eskatu genien». Geo-poesia jaialdiaren oinarri ideologikoa baino zerbait gehiago izatea lortu dute antolatzaileek, jaialdiak hiriko txokoekin erlazio zuzena sortuko baitu. Noguek hitz hauekin azaldu zuen: «Tokiarekin eta izanarekin erlazioan diren topaketak antolatu nahi izan ditugu».

Hiriarekin batera gizartearen erritmoarekin ere eginen dute bat. «Jaialdia hiriko guneetan kokatuko da, non bizitzaren ohiko mugimendua islatuko den. Haurrak eskolara bidean edo bueltan, helduak kafetegietan edo lanera bidean... postetxetik itzultzen gutun bat bidali eta gero. Eguneko momentuaren araberakoa izanen da kokagunea, auzoetako merkatu guztiak eginen ditugu, eta gauetan, etxera itzultzeko unean jendeak proposatu dizkigun apartamentuetan eginen ditugu kontzertu eta emanaldiak».

Kokalekuei begirakoaz gain, diziplinen aniztasuna ere landu nahi dute jaialdian. Horrela, poetak, musikariak eta dantzariak arte plastikoetako sortzaileekin elkartuko dira. Baina diziplina bakoitzaren barnean ere aniztasuna bultzatuko da, esaterako, Ballet Biarritzeko dantzari klasiko bat kapoeira dantzari batekin elkartu dute. Arkeologo bat ere izanen da, eta berarekin Baionako historiaren ezagutza handia duen Claude Labat.

«Urruna Baionan atzeman nahi dugu. Itsasontziak ailegatzen eta joaten ikusi ditugu Baionan, orain horrelakorik ez da gertatzen, baina kultura ezberdin horiek guztiak Baionan presente dira orain, kurdoak, euskaldunak, okzitanoak, juduak, frantsesak...», adierazi zuen jaialdiaren antolatzaileak. Kultura eta hizkuntza ezberdinen balioa aintzat hartzea garrantzitsutzat jotzen dute antolatzaileek. Ethiopiques jaialdian izanen den Edouard Glissant poeta martinikarrak adierazi duen bezala: «Ez da inongo hizkuntzarik galtzen utzi behar norberarena babesteko».

Siesta egiteko musika

«Gure programazioan fantasia asko dago. Siesta egiteko musika dago, esaterako. Egunero programa errepikatuko da, baina hiriko auzo ezberdinetan eta proposamen ezberdinekin, artista ezberdinen eskutik», azaldu zuen Fabien Noguek. Programa goizeko zazpietan hasiko da egunero eta gaueko hamaikak aldera bukatuko da.

Egunsentiko gomitarekin hasiko dira jaialdi egunak, goizeko zazpietan «Baionako munduko toki batean gure zentzuekin hitzordu bat» izateko parada eskaintzen dute. Musika egiten duten bizikleten hiri ibilbidearekin emanen zaio hasiera egunero besta giroari. Zortziak aldera okindegiko kontzertua, egunero ogi salmenta egin bitartean musikaz gozatzea proposatuko dute Les Escargots Jetés du Gabon taldekoek.

Goizean zehar auzo ezberdinen ikerketa egingo da inprobisazioen bitartez. Bazkaldu eta gero, pausu momentuan, etzanik egoteko kontzertuak eskainiko dira eta hor ikusleak erabaki ahal izanen du lo-kuluxka egin ala ez.

Arratsaldea hiriko ibilbide batekin hasiko da, non auzo ezberdinetako tokiak ezagutzeko aukera izango den, jaialdiaren ikuspegi artistikoari lotuta. Gauek musika izango dute protagonista eta egunero bederatzietatik aurrera kontzertuak eskainiko dira, gehienak jendearen etxeetan.

BIZITZAREN ERRITMOA

Hiriarekin batera gizartearen erritmoarekin ere eginen dute bat. «Jaialdia eguneroko bizitzaren mugimendua islatzen duten hiriko guneetan kokatuko da, esaterako, jan eta gero etzanik egoteko kontzertuak egonen dira», esan zuen Fabien Noguek.

Fitxa

Tokia: Baionako auzoetako denda, etxe, taberna, karrika eta udal aretoak.

Data: Martxoaren 2tik 7ra.

Antolatzailea: Ezkandrai elkartea.

Web orrialdea:

www.ethiopiques.fr.

Ikusmuga ezberdinetatik heldu artista ugari elkartuko dira hirian

Mikel Laboari omenaldia eskainiko dio jaialdiak martxoaren 6an, ostiralarekin, Merkatuko tabernan. Beñat Achiary, Maddi Oihenart, Alain Larrañegi, Bernard Lubat eta Amaia Riouspeyrous kantariekin batera, Jean Christian Irigoyen eta Philippe Ezkurra akordeoilariek joko dute, Itxaro Borda poetak lagunduta.

Edouard Glissant idazle eta poeta handia ere izanen da Baionan Laure Mollier filosofo eta artistarekin batera.

Barkatu Bartok bikote musikalak eta Bernays Laurent kantari eta inprobisatzaileak Les Sardines A Lunettes-en ipuin eta musikaren berezitasunarekin bat eginen dute. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo