GARA > Idatzia > > Kultura

Gonzalez de Duranak eskuratu zuen puntu gehien Zalduondoko kanporaketan

p058_f02.jpg

GARA | ZALDUONDO

Rikardo Gonzalez de Duranak eskuratu zituen puntu gehien Zalduondon joan den larunbatean egindako bertso saioan, 154 hain zuzen. Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa Zalduondoko Korta txokoan jokatu zen. Puntuazioa honakoa izan zen: Rikardo Gonzalez de Durana buru (154 puntu), eta atzetik Oihane Perea (152.5), Iñaki Viñaspre (148), Ekaitz Samaniego (137), Jagoba Apaolaza (134) eta Iker Agirre (129) geratu ziren.

Saioa bizia eta polita izan zen. Zortziko handian Viñaspre eta Agirrek heldu zioten ondoen Altunaren gaiari. Gonzalez de Durana saio osoan zehar erregular aritu zen eta honek aurreneko sailkatzea ahalbidetu zion. Zortziko txikian saioak gora egin zuen eta entzuleen artean txaloak eta algarak nagusitu ziren. Apaolazak Samaniego baserritarraren gonbi- dapena onartu eta, lehenbizikoz, txerria nola hiltzen zuten ikustera joan zen, baina txerriaren lehenengo garrasiak zuri-zuri utzi zuela esan zion gai jartzaileak. Ekaitzek «lasai zuri ez dizut berdina egingo» kantatu zion lehenengo bertsoan.

Iñaki Viñaspre berriz, Rikardo Gonzalez de Durana domadoreak zirkurako hautatutako lehoia izan zen. Gogor ekin zion lehoiaren paperean «ikuskizuna bada zure helburua/nik ahoa ireki ta sartu burua» egin baitzion orro. Domadore ausarten pare, lehoien gisa fin portatzeko eta «sartuko dut burua baina kosk ez egin» erantzun zion Rikardok.

Oihane Pereak saio polita egin zuen eta poto bat medio, nahiz eta lehenengo ez sailkatu, txapelaren lehian aintzat hartzekoa dela erakutsi zuen.

Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiak erabakita geratu dira, horrenbestez. Hala, martxoaren 15ean Zigoitiko kultur etxean 17.00- etan kantatuko dutenak Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Serapio Lopez, Izar Mendiguren eta Iñaki viñaspre izango dira.

Aramaioko kultur etxean berriz, Asier Otamendi, Zigor Enbeita, Andere Arriolabengoa, Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Xabi Igoa arituko dira borrokan apirilaren 4ean Printzipal Antzokian egingo den finalean aulkia lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo