GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Hauteskundeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

D3Mk «urrezko bozen» erdiak Gipuzkoan jaso ditu

Gari MUJIKA | DONOSTIA

Ilegalizazioaren ondorioak gehien antzeman diren eta abstentzioak lau puntu eta erdi gora egin duen herrialdean, Gipuzkoan, jaso ditu D3Mk «urrezko bozen» erdiak. Aralarrek kasik bikoiztu egin du 2005eko bozaldietan jasotako boz kopurua eta PSEk ere nabarmen egin du gora. Alderdi jeltzalea izan da boto kopuru handiena jaso duena, eta ezker abertzaleak hirugarren indar izaten jarraitzen du, nahiz eta hauteskundeotan ilegalizazioari aurre eginez aurkeztu behar izan, 2005ean ez bezala. EB erdira jaitsi da bozetan eta EA izan da, nabarmen, galera handiena izan duena. Horren gainbeherari esker babesa areagotu duena Aralar izan da, herriz herriko botoei so eginez gero.

Demokrazia Hiru Milioiren hautagaitza legez kanpo uztearen ondorioak gainerako alderdi politikoei etekin gehien ekarri dizkien herrialdean, abstentzioak lau puntu eta erdi egin zuen gora atzo. Gipuzkoan, abstentzioa % 36,94koa izan zen.

EAJk, herrialdeko lehen indarrak, 110.942 boz jaso zituen -%31,52-; PSEk, bigarrenak, 91.799 boto bildu zituen -% 26,08-; ezker abertzaleak herrialdeko hirugarren indarra dela berretsi zuen, D3Mk jaso zituen 47.803 bozekin -%13,58-. Laugarren alderdi bozkatuena PP izan zen, 31.817 bozekin -% 9,04-; bosgarren indar gisa agertzen da orain Aralar, bozetan izandako igoera handiari esker: 31.043 boz jaso zituen, bozen % 8,82. Ezker Batuak, ostera, 11.078 boto jaso zituen, Eusko Alkartasunak 15.752 eta UPyDk 5.227 boz izan zituen.

EB ordezkaritzarik gabe

Bozketei so eginez gero, EAJk 9 eserleku jasoko lituzke Gipuzkoan, eta EAk bakarra. 2005ean, EArekin batera aurkeztuta, 10 eserleku eskuratu zituzten bi alderdiek, beraz, ordezkaritza bera izango lukete, nahiz eta agerikoa izan Eusko Alkartasunak beherakada itzela izan duela.

Ezker abertzaleak lau eserleku jasoko lituzke ilegalizazio egoera honetan; 2005ean, «legezko izanda», EHAK bost atera zituen. PSEk bi eserleku gehiago izango lituzke, atzoko bozaldien ondorioz zazpi eserleku eskuratuko bailituzke. PPk, hogei mila boz galdu dituen honetan, bi eserleku eskuratuko lituzke, 2005eko hiruretatik bat galduz. Ezker Batuak, aldiz, eserleku bakar bat ere ez luke izango Gipuzkoan, honek ere bozen erdiak galdu baititu 2005etik hona.

Aralarrek, aldiz, bozketetan jasotako babesari esker, bi eserleku eskuratuko lituzke; bikoitza, beraz. Emaitza okerrenak izan dituztenak, nabarmen, EB, PP eta Eusko Alkartasuna izan badira, Aralar izan da ezusteko handiena eman duen alderdia. Bere atzetik, PSEk ere igoaldia izan du, 2005ean baino 12.928 boz gehiago lortu baititu. Aralarren eta PSEren bozen igoerak, gainera, herriz herri orokorrak izan direla argi ikus daiteke.

Ilegalizazioaren ondorioz Gasteizko Parlamentu desitxuraturako eserlekuak ere «apartheid» beraren arabera banatuko dituzte; horrela, Ezker Batuak bere bozei esker eskuratuko ez lukeen eserlekua izango du; EAJk ere beste bat jasoko du, PSEk eta PPk bezala.

Ilegalizazio egoeran izandako hauteskundeok inposaketa hori izan ez den garaikoekin alderatzea fikzioan aritzea den arren, PPren eta EBren bozen beherakadatik probetxua atera duena PSE izan dela ondoriozta daiteke, EAren gainbeheraz Aralar baliatu den bezalaxe. Ezker abertzaleak, egoerarik okerrenean ere, hirugarren indar izateari eutsi dio, hala ere, herrialdean.

GARRANTZITSUENAK

Ezker abertzalea legez kanporatua izateari esker, Gipuzkoan atera dute etekin gehien gainerako alderdiek. Boto kopuruaren arabera, EBk ez du ordezkaritzarik izango, EAk bat eta PPk eserleku bat galdu du. EAJk eta PSEk bana irabazi dute.

DONOSTIAN PSE garaile

Aurreko hauteskundeetan ez bezala, PSE, bost mila boto gehiago eskuratuta, Donostian bozkatuena izan da 28.569 bozekin. EAJk, aldiz, 24.167 eskuratu ditu, PPk 13.757, D3Mk 8.119, Aralarrek 6.885, Eusko Alkartasunak 3.648 eta EBk 2.893 boz.

abstentzioa

izan zen Gipuzkoan, 2005ean baino % 4,56 handiagoa. Zentsoak ere, orain lau urtekoarekin alderatuta, 5.912 pertsona gutxiago zituen atzo herrialdean.

110.942

izan dira EAJk

jaso dituen bozak, lehen indar gisa kokatuz. PSEk 91.799 boz jaso ditu, orain lau urte baino 12.928 gehiago. Aralarrek, bozetan gehien igo den alderdiak, 30.043 eskuratu ditu, Gasteizko Legebiltzarrean beste eserleku bat irabaziz.

HERRIZ-HERRI

Herriz herriko emaitzei so eginda, Ezker Batuak guztietan erdiak edo gehiago galdu ditu. Aralarrek, aldiz, herri guztietan bikoiztu ditu emaitzak. EAk, ostera, beherakada itzela izan du, nahiz eta 2005eko emaitzekin ezin alderatu.

HIRUGARREN INDARRA

Errepresioaren jo-mugan eta legez kanporatzeak dakartzan ageriko eragozpenak lehen pertsonan pairatu arren, ezker abertzalea Gipuzkoako hirugarren indarra izaten jarraitzen du. Horrela, Gasteizen, lau legebiltzarkide izango lituzke D3Mk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo