GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Julen Zabalo UPV-EHUko irakaslea

Urrezko dominak

Badago zer nabarmendu atzoko hauteskundeetatik; batez ere: ezker abertzalearen ordezkaritza lapurtuta, espainiar nazionalismoak, ez botoetan baina bai jarlekuetan, gehiengoa lortu izana; eta kontrako baldintza horietan ere, ezker abertzaleak lorturiko izugarrizko emaitza.

Hauteskunde kanpaina garatu den egoera antidemokratikoan, ezker abertzalearentzat ezina zen EHAKren emaitza errepikatzea, eta konparatzekotan, antzeko egoeran aurkeztu ziren zerrendekin egin behar zen (AUB, Bergarako Ekimena eta HZ). Hauteskunde mota desberdinak ziren, baina orain arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lorturiko emaitzarik baxuenak 2004ko Europar hauteskundekoak ziren (97.000 boto inguru, baina % 55,4ko abstentzioarekin), eta baxuagoak erlatiboki, 2004ko espainiar hauteskundekoak (102.000 boto inguru, % 24,1eko abstentzioarekin). Ehun mila boto lortzea muga psikologikoa omen zen, eta horren inguruan geratu izana (ia % 34ko abstentzioarekin) izugarrizko arrakastatzat jo behar da. Desobedientzia ekimen horretan parte hartu duten ehun mila herritar horiek urrezko domina merezi dute bestelako gizarte eta nazio eredua proposatzen duten ezkerreko ikuspuntuaren aldetik.

Gutxigatik bada ere, PSE nahi zuen lekuan dago: botoetan ez dute asko gora egin, baina espainiar nazionalismoa da nagusi, eta bera buru. Horrek lehendakaritza lortzeko aukera bat baino gehiago ematen dio. Ziurra da espainiar nazionalismoarena, PSE eta PSOEren gustukoa izan ez arren, jarrera onean dago hasiera batetik desiratzen zen PSE-EAJ koalizioa lortzeko.

PP eta UpyD ere pozik egoteko moduan daude: lehena, botoetan bai, baina jarlekuetan ez duelako asko galdu; eta bigarrena, bere helburua jarleku bat lortzea zelako. Bien kasuan, PSE presionatzea da helburua, baina jakinik ez dutela berari laguntza ematea beste biderik. Boto gatibua da eurena.

Zerrenda bozkatuena EAJrena izan da. Boto kopuruan apur bat jaitsi dira, baina ordezkaritzan igo, ezker abertzaleari lapurturiko ordezkaritzaren ondorio. Orain jakin behar da zer egin lorturiko gehiengo horrekin. EA, EB eta Aralarrekin batuta joanda ere, ez da heltzen gehiengora. Baina, are okerrago, EAJk ez du inola ere halako gobernu bat nahi. Berak apustua egina zeukan PSErekin bat egiteko, baina ikusi behar da orain zein terminotan egiten den. Ez, noski, Ibarretxe lehendakari dela.

Boto gatibutzat ere jo daiteke EA, Aralar eta EBrena. Hiruren arteko barne borrokatik, Aralar izan da, nabarmen, ondoen irten dena. Boto kopurua bikoiztu, eta ordezkaritza laukoztu. Alderantziz gertatu omen da EArekin. Ezker abertzalearekin bideratuta zegoen alternatiba gauzatu ez izana akatsa izan zela frogatuta geratuko zitzaion. Hura zen irtenbidea, eta ez bakarrean halako abenturan sartzea. EBren apustua, azkenik, ez batzuekin ez besteekin, gutxiren gustukoa izan da.

Kontuak kontu, oro har, abertzaletasuna kalteturik irten da, berriro ere, hauteskundeetan. Botoetan nagusi izaten jarraitzen du; ez, ordea, jarlekuetan. Bandera nazionalistak iraganeko kontuak direla, eta elkarbizitzaren aurrean ahaztu beharrekoak direla diotenek kontuan hartu beharko lukete beheranzko joera hori espainiar nazionalismoaren goranzko joerarekin gertatzen ari dela, eta azken honek ez duela inola ere elkarbizitza proposatzen, konfrontazio argia baizik, euskal nazionalismoari borroka hau irabazi diezaiokeelakoan. Abertzaletasuna irekitzen ari den gogoeta aroak badu beste datu bat kontuan hartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo