GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Behatokia: «Nafarroako Gobernuak legez zigortu nahi du euskara jakitea»

Aurtengo aurrekontuen legean isilean gaineratutako gehigarri baten bitartez, Nafarroako Gobernuak euskara dakiten funtzionarioei maila bereko lanpostuetan parte hartzeko aukerak murriztu dizkie. Nafarroako Auzitegiak Behatokiak jarritako helegitea onartu du.

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Joan den abenduan UPNk, PSNk eta CDNk adostu zuten aurrekontu berrien legean ezohiko xedapen gehigarri bat gaineratu zuten. Bertan aipatzen da Nafarroako Herri Administrazioan euskara jakin beharra duten lanpostuak eskuratzen dituztenek aurrerago ezin izango dutela aurkeztu lan deialdi guztietara, baizik eta soilik euskara beharrezko denetara.

Hori salatu zuen Behatokiak atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, eta lege horren aurka Nafarroako Auzitegian aurkeztutako helegiteak aurrera egingo duela jakinarazi zuen, auzi hori aztertzea onartu egin duelako Auzitegiak.

Behatokiko bozeramaile Paul Bilbaok oroitarazi zuen 2003an Osasunbideko lan-deialdietan jasotako antzeko artikulu bat ere errekurritu egin zutela, baita Nafarroako Auzitegiak arrazoia eman ere. Epaian jaso zuenaren arabera, «hizkuntza baten ezagutzak ezin ditu maila bereko lanpostuetan parte hartzeko aukerak murriztu, hori langile eleanitza zigortzea baita».

«Epaileek dekretua atzera bota ziotela ikustean, Nafarroako Gobernuak, oraingoan PSNren laguntzarekin, Aurrekontuen Legea baliatu du bereizketa hori legezko bihurtzeko».

Eskaintza publiko berria

Bilbaok ohartarazi zuen berriki Gobernuak iragarri duen lan eskaintzan ez dela euskara merezimendu gisa baloratzearen gaineko «deus ere» esaten, eta «beste behin iruzur baten aurrean ez ote gauden» galdetu zuen.

Hein horretan, gogorarazi zuen Euskarabideak 2008ko irailean aurkeztu zuen dekretu-zirriborroan euskararen ezagutza eremu mistoko lanpostuetarako baloratzea aurreikusten zela, baina egun zirriborroa oraindik ez dela Parlamentuan aurkeztu.

euskarabidea

Eskubide murrizketa horren aurrean, Behatokiak Euskarabideari galdetu dio ea euskararen ezagutza zigortzen duten legeen aplikazioaren bidez Euroituna betetzea espero duen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo