GARA > Idatzia > > Euskal Herria

CCOO, STEE-EILAS, EHNE, ELA, ESK, HIRU eta LAB sindikatuak, Korrika 16rekin

p016_f01_148x108.jpg

Manex ALTUNA |

Euskal Herriko hainbat sindikatutako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Bilboko Kalderapekon Korrika 16rekin bat egiten dutela adierazteko. CCOO, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek eman diote atxikimendua ekimenari eta Korrika 16ren arduradun lanetan ari den Edurne Brouardek sindikatuek emandako babesak «euskararen berreskurapenaren aldeko indar metaketa» erakusten duela azpimarratu zuen.

Brouardek gogoratu zuenez, bizitzaren herena lantokian ematen dugu gizakiok, eta azaldu zuen, atxikimendu horrekin, sindikatuek gizartearen aurrean erakusten dutela lan arloak euskararen alde duen konpromisoa.

Besteak beste, bertan izan ziren CCOOko Jesus Uzkudun, ELAko Leire Txakartegi, LABeko Jagoba Zulueta eta EHNEko Ainhoa Iturbe, ESK-ko Josu Balmaseda, HIRUko Estitxu Ugarte eta STEE-EILASeko Arantza Fernandez de Garaialde.

Txakartegik azaldu zuen, sindikatu guztien izenean, Korrika 16k zabaldu nahi duen mezua bere egiten dutela, eta «euskaraz bizi nahi dugunon herrira datozen guztiei» ongietorria ematen diotela.

Sindikatuek «Lantokian eta baserrian» euskaraz egitearen alde egiten dutela esan zuen. Ildo horretan, enpresetan garatu diren eta eskatu izan diren euskaratze planak nabarmendu zituen, eta lan hartu-emanak euskaraz izan daitezen lan egiten dutela gaineratu zuen.

ELAko ordezkariak sindikatuentzat euskararen alde egiten diren ekimen guztiak oso garrantzitsuak direla esan zuen, eta Korrikaren aldarrikapena beren aldarrikapena dela. «Korrikak gizabanakoaren eta erakundeen konpromisoari deia egiten dion moduan, guk ere gutariko bakoitzaren konpromisoari dei egiten diogu gure lantokian, enpresan eta baserrian, jardunean, egunero-egunero, euskaraz jarduteko», esan zuen.

Denon parte-hartzea

Euskararen egoera Korrikarekin alderatu zuen Txakartegik eta «pausoa arin eta gelditu gabe» egin behar duela aurrera, «aurreraka ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago». Horretarako, denok parte hartzea «derrigorrezkoa» dela aldarrikatu zuen ELAko ordezkariak.

Tuteran martxoaren 26an hasi eta Gasteizen apirilaren 5ean bukatuko da aurtengo Korrika. Gizarte osoari ekimenean parte hartzeko deia egin zioten sindikatuek. Sindikatuek eurek, Brouardek azaldu zuenez, guztiek batera Gasteizeko kaleetan barrena kilometro bat egingo dute korrika.

Era berean, Korrika eta AEKri beren laguntasuna eta atxikimendua adierazi zioten sindikatuetako ordezkariek eta langile eta baserritar guztiei euskararen aldeko ekimenaren laguntzaile izateko eskatu zieten.

Korrika 16ren leloarekin eman zioten bukaera agerraldiari: «Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira! Ongi etorri euskaraz gozatzeko, lan egiteko, maitatzeko, saltzeko eta erosteko, negar egiteko, jolasteko... hautua egin dugunon herrira! Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon artera!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo