GARA > Idatzia > > Kultura

Bilbo Hiria musika lehiaketa udazkenean jokatuko da aurten, Bilborock hobetzeko lanak medio

Aretoko hobekuntza lanak direla-eta, itxita egongo da Bilborock apirilaren 1etik abuztura arte, eta Bilbo Hiria pop rock lehiaketa irailera arte atzeratzea ekarriko du eragozpen honek.

A. BILBAO | BILBO

Apirilaren 7an hamaika urte beteko ditu Bilboko Mesedeetako Elizak Bilborock areto bihurtuta. Urte luze hauetan zahartuz joan delako, berritze lanak hasiko dituzte aurki. Berritze lanak apiril hasieratik abuztu hasierara, lau hilabetez iraungo du eta azpiegitura hobetzeaz gain aretoa puntako baliabide teknologikoez hornitzea dute helburu.

Gainera, Jon Sustatxa Udaleko zinegotziak atzo esan zuenez, «itxura aldetik ere aldaketa txiki bat eman eta aretoaren segurtasun neurriak indartu nahi ditugu». Lanek 600.000 euroko aurrekontua izango dute eta puntu hauetan garatuko da: eszenako argien eta audioaren instalazioa berritzea, zuntz optikoa gaineratuta. Eraikinaren estalkia berritu eta teilatua konpontzea. Isolamendu akustikoa hobetzea, bigarren solairuan tronadura berria jarrita. Instalazio elektrikoa berritzea, bide berritik kanalizatuta. Espazioak antolatzea eta biltegi handiagoak jartzea erabilera askoko aretoan. Larrialdietako irteeretako bat aldatzea, zuzeneko irteera edukitzeko. Eta azkenik, ateak eta akaberak konpondu eta berriak ipintzea, erabileraren erabilerak zaharkitu egin baititu.

Gainera, eta azpiegiturari dagokionez, soinua eta irudia zuzenean eta modu digitalean grabatzeko kabina jarriko da, nahi duten taldeek grabazioak egin ditzaten. Sarrerako ataria ere eraberritu eta hobetu, eta bideo-zaintzako sistema berria ipiniko da. Bilborock eraikinak babes berezia du, eta udaleko ordezkariek adierazi dutenez babes hori bete-betean zainduko da. Lanek lau hilabete iraungo dute eta dirauten bitartean aretoko jarduerak guztiz etengo dira.

Konponketek Bilbo Hiria pop rock lehiaketaren XXI. edizioa atzeratzea ekarriko dute. Udaleko arduradunek aurreikusten dutenez, irailean hasiko litzateke taldeen zuzeneko lehia, eta udazkenean zehar jokatu.

Arrakasta handiko lehiaketa

Aurten 1.019 musika talde aurkeztu dira esparru europarra duen lehiara. Horietatik 687 pop rock atalera (%67,42), 249 metal atalera (% 24,44) eta 83 joera berrien atalera (% 8,15). Asko Euskal Herriko taldeak dira, % 25 inguru, baina nazioarteko ehun bat talde ere badira, guztira hamalau herrialdetakoak, izena eman dutenak. Oinarrietan azaltzen denez, parte-hartzaile guztiek europarrak izan behar dute eta Europar Batasunetik kanpoko hamar taldek ere eman zuten izena.

Talde horien guztien artetik 48 talde aukeratu zituen epaimahaiak, irailean, urrian eta azaroan zehar zuzenean jo dezaten.

HASIERA IRAILEAN

Bilbo Hiria pop rock lehiaketa ospetsuaren XXI. edizioa irailean hasiko da eta udazkenean zehar jokatuko da. Aurten mila taldetik gora dira izena emandakoak eta horietatik ehun inguru nazioartekoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo