Emakumearen nazioarteko eguna
«Zerk lotzen gaituen jabetzeak berak askatzen laguntzen digu»
Martxoaren 8aren aitzakian, GARAk mugimendu feministan aritu diren belaunaldi ezberdinetako emakumeen iritziak batu ditu. Borrokaren funtsak, aurreko eta ondorengo belaunaldiek egindako lanaren gaineko iritziak, borroka moldeen aldaketa, feminismoaren irudia kalean... Nork bere errealitatea ezagutu eta aldarazi nahi izan du, baina oraindik ere borrokatzen jarraitzeko premia da, funtsean, guztiek nabarmentzen dutena.
Nora Urrekoetxea
Bilgune feministako kidea
Hemeretzi urte ditu eta gaztetasunak ematen duen borrokarako grina bizi-bizia. Orain dela urtebete hasi zen Bilgune Feministan militatzen eta berak emandako pausorako deia egiten die emakume gazteei, «argi baitago kalean eta egunerokoan ez garela berdintasunean bizi, nahiz eta diskurtso hori saldu nahi diguten».
Maider EIZMENDI | DONOSTIA
Indarrez datorren belaunaldiaren ordezkarietako bat da. Seguru asko, aurretik mugimendu feministan aritutako askok ez zuten pentsatuko, pentsatu nahiko, urteak joan eta urteak etorri emakumeen eskubideak aldarrikatzeko premiak horren indartsu jarraituko zuenik. «Berdintasun faltsuaren» ideiaren aurka aritu behar izan dute lehenik eta behin bere belaunaldiko emakume askok. «Zerk lotzen gaituen konturatzeak berak dakar askatzen hastea», nabarmendu du. Horregatik dei zabala egin die emakume gazteei beren eskubideen alde borroka egin dezaten.
Zer da Martxoaren 8a?
Nire ustez, Martxoaren 8a jendarte guztia mobilizatzeko eta agitatzeko eguna da, baina gaur egun eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiek izaera feminista berenganatu nahi izan dute, eta egun honi probetxu ateratzen diote euren aurpegia feministatzat aurkezteko. Ondorioz, hein batean bere funtsa galdu du. Kontuan izan behar da izaera feminista bizitzeko modu bat dela, egunerokotasunean bizi eta aldarrikatu behar den zerbait, eta horregatik ez dagokio egun bakarrera mugatzea. Egun sinbolikoa da, eta garrantzitsua da urte osoan egiten dugun lana eta borroka plazaratzeko balio duelako. Mobilizatzeko baino, mobilizatzen jarraitzeko eguna da guretzat. Normalean, gainera, mugimendu feministaren barruan ez dagoen jendea bertaratzen da mobilizazioetara eta horiengana iristeko modua dugu.
Zeintzuk dira une honetan mugimendu feministak mahai gainean dituen erronka eta lan ildo nagusiak?
Mugimendu feministak lan ildo asko ditu. Oro har, emakumeen eskubideak aldarrikatzen ditu: indarkeria ez jasateko eskubidea, heziketa parekidea jasotzeko eskubidea, publizitate duinerako eskubidea, gure gorputza- ren jabe izateko eskubidea, sexualitatea modu zabalean lantzeko eskubidea. Alegia, eskubideak bere osotasunean.
Nola baloratzen duzue zuen aurretik etorri ziren feministen lana?
Ausartak izan ziren oso, baina oso bestelako egoera zuten. Pausoa eman zuten era kolektibo batean sistema patriarkalaren aurka egiteko eta hori txalotzeko da. Mugimendu feministan izan den hutsuneetako bat era bateratuan lan egiteko gaitasunik ez izatea izan da, aniztasuna bateratzea.
Borroka moldeak nola aldatu dira?
Feminismoa beti ezaugarritu izan da aldarrikapen original eta ausartak egin dituelako eta horiekin jarraitzen dugu guk ere. Baina beti, lehen eta orain, kaleak jarraitzen du mugimendu feministaren jokaleku nagusia izaten.
Zeintzuk dira zuen belaunaldiko feministen dohain nagusiak?
Gazteen artean batez ere, gauzak aldatzeko gogoa dago, etorkizuna beste bat izan dadin eta gure eskubideen alde borrokatzeko grina. Iaz Euskal Herriko emakume gazteen Asanblada egin zen eta oso balorazio positiboa egin genuen. Hala ere, beharrezkoa da jende gaztea animatzea eta deialdi berezia egin nahiko nieke emakume gazteei, euren eskubideen alde borroka daitezen, argi baitago kalean eta egunerokoan ez garela berdintasunean bizi, nahiz eta diskurtso faltsu batean hezi gaituzten. Beharrezkoa da lehenik eta behin hori ikustea, jakitun egitea eta gero horren kontra borroka egitea. Zerk lotzen gaituen konturatzeak berak dakar askatzen hastea.
Askotan mugimendu feministan aritzen garenoi ere kosta egiten zaigu erasoak identifikatzea, sotilagoak direlako; eta heziketa feminista duenarentzat zaila bada, kontzientziarik ez duenarentzat oraindik ere gehiago.
Kontzientziazio lana, beraz, Bilgune Feministaren lehentasunetako bat da?
Gizartean galdu egin da feminismoaren beharra. Askok, gizonezkoek, batez ere, feminismoa euren kontrako erasotzat hartzen dute eta ez berdintasunaren alde egiten den borrokatzat. Emakumeen artean ere, sistema patriarkalak lan handia egin du pasiboak eta akritikoak izan gaitezen. Horregatik, da hain garrantzitsua kontzientzia hartzea eta bide horretan jarraituko dugu guk lanean aurrerantzean ere.