GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Emakumearen nazioarteko eguna

«Gure erantzunarekin legitimatu egin genuen mugimendua»

andueza.jpg

Edurne Andueza

Egizan erakunde feministako kide ohia

Berrogeita bi urte ditu, eta hamar bat urtez taldekide izan da Egizan-en. Orain ez du inolako talde edo kolektibo feministetan militatzen, baina emakumeen eskubideen aldeko borroka barru-barruan darama, eta bihar ere mobilizazioetan parte hartuko du. Martxoaren 8a bera, ordea, «edukiz deskafeinatu» egin den data dela iritzi dio.

Aurreko belaunaldiek egindako lan teorikoa eta feminismoa Euskal Herrian kokatzeko ahalegina txalotzen ditu; orain datozen gazteen inguruan, berriz, nor bere ezberdintasunekin, komunean dituzten ideietan sakonduz elkartzeko gaitasuna. Edurne Anduezaren ustez mugimendu feministaren erronka handietako bat emakumeak berriz ere kalean aske senti daitezen borroka egitea da, baita ezberdintasun ekonomikoei aurre egitea ere, gainerakoan «oso zaila izango da emakumeentzako beren buruaren jabe izatea».

Zer da Martxoaren 8a zuretzat?

Nik uste dut data bera deskafeinatu egin dela. Egun onartuago dago komunikabideetan eta instituzioetan, baina edukiz deskafeinatu egin da. Lehen, borroka eguna zen batez ere; eta orain jai kutsua hartzen diot gehiago. Aurpegia zuritzeko erabiltzen dute data hau instituzioek.

Zeintzuk dira zure ustetan mugimendu feministaren lan ildo nagusiak?

Nire iritziz, erronka nagusia emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea da. Atzera egin dugula uste dut. Emakumeei beldur ematen digu gauez ka- lean ibiltzea eta ez gara senti-tzen aske lasai ibiltzeko. Beldur horrek, gainera, edozein adineko emakumeoi eragiten digu eta hori atzerapauso ikaragarria da nire ustez. Erronka handia da hau eta gizarte osoak inplikatu behar du.

Beste arlo garrantzitsua ezberdintasun ekonomikoei aurre egitea da. Emakume askok dependentzia ekonomikoa dute, eta hori konpondu bitartean, oso zaila izango da emakume horientzako bere buruaren jabe izatea. Egun ere emakume batzuek gizonek baino askoz gutxiago irabazten dutela entzutea harrigarria da.

Oso esparru garrantzitsu bat hezkuntza da. Borroka feministak bere indar guztiak jarri behar ditu neska-mutiko gazteetan. Eskoletan eta nork bere etxean seme-alabei ematen diegun heziketa izugarri garrantzitsua da. Urteak pasatu dira, baina eskema berdinak jarraitzen dute indarrean. Hor akats handia dago eta ez da mugimendu feministaren ardura, gizarte osoarena baizik.

Zeintzuk izan ziren zure belaunaldiko feministen lorpenak?

Garai hartan ausardia handia genuen. Ez ginen asko, baina modu indartsuan erantzuten genuen. Horrek legitimazio handia eman zion mugimendu feministari. Orain emakumeen aurkako indarkeriaren gainean dagoen kezka, neurri handian, mugimendu feministak egin duen lanagatik izan da. Gizartean oso barneratuta zegoen bikoteen arteko arazoak zirela, eta horri aurka egiten aritu ginen gizarte osoaren arazo zirela esanaz.

Eta aurreko belaunaldikoenak?

Gure aurretik etorritakoen lana oso garrantzitsua izan zen, lan teoriko handia egin zuten, eta feminismoa Euskal Herrian kokatu zuten. Balio handiko ekarpenak egin ziren.

Eta akatsak egin zenituzten?

Guri asko kostatzen zitzaigun ezker abertzalekoak ez ziren emakumeekin eta beste talde feministekin lan egitea. Aurrerapausoak handiagoak izango ziren beste modu batean lan egin izan bagenu; hobeto moldatu behar genuen taldeon artean, eta guztiok bat etortzen ginen arrazoietan egin behar genuen indarra, eta ez ezberdintasunetan. Gainera, nik uste dut mugimendu feminista zentzu askotan oso itxia izan dela eztabaida askotan. Errealitatetik urrundu egin gara askotan. Adibidez, amatasunaren gaineko eztabaida itxiak izan genituen.

Egun militatzen ari diren emakume gazteen lana nola ikusten duzu?

Gaur egun gu baino zailagoa dute, oso hedatuta baitago gizartean dena lortuta dagoen ideia, eta oso zaila da kontraesan horiek kalera ateratzea eta ikustea sakonean ez direla gauzak horrenbeste aldatu. Gazteek lortu dute guk lortu ez genuena, batzea eta talde ezberdinen artean ekimenak egitea. Akatsen artean, nik kaleko mugimendua faltan botatzen dut, presio soziala, hitzaldiak eskoletan...

Borroka moduetan zein alde nabarmenduko zenuke?

Orain lan sakonagoa egiten da eta ez hain bat-batekoa.

Feminismoaren irudiari dagokionez, nola ikusi duzu bere bilakaera gizartean?

Feminismoen irudiak hobera egin du. Gure garaian feminista zinela esatea ez zen positiboa eta orain prestigioa hartu, eta askoz ere hobeto onartzen da, beste gauzen artean, gizarte sektore askotan bere egin dutelako feminismoaren diskurtsoa. Ni Egizan-en nengoenean, ezker abertza- lean bertan, etxetik hasi behar izan genuen lanean. Hala eta guztiz ere, daukadan sentsazioa da gaur egun feminismoak arrazionalagoaren irudia duela eta horrek zeresana izan du bere onarpenean. Ez dakit hori benetan zer den, ona ala txarra.