GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Martxoak 8, borroka eguna, urtero bezala

Bihar, Emakumeen Nazioarteko Eguna, zer ospatu liteke, emakumeek beren eskubide guztiak errespetarazteko borrokari eusteko duten erabakitasuna ez bada? Izan ere, mundu osoan emakumeenganako bazterkeria ikaragarriko kasuak izanda, eman lezake, gizarte «garatuetan», diskurtso ofizialen arabera, halakorik ez dagoela, edo bazterkeria ez dela larria. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Emakumeen aurkako indarkeria halako gizarteetan ere errotuta dagoen pentsamolde patriarkalaren ondorio da, eta hori ez da garrantzi gabeko arazoa. Badira, izan ere, berdintasuna bermatzeko legeak, horiek bete eta betearaztea beste kontu bat bada ere. Ez dugu Euskal Herritik atera behar emakume langileen diskriminazioa egiaztatzeko. Krisialdiak gizonezkoak jotzen omen ditu gogorren; hala ere, emakumeen lan egoera krisi egoera da. Eta administrazioek gizonezkoak gehiengo diren sektoreetara bideratzen dituzte krisiari aurre egiteko laguntzak, emakumeak ahaztuta, lehen baino ahaztuago. Badira legeak, egia da, abortuarena esaterako; hala ere, abortatzen duten emakume asko jazarri egiten dituzte, eta Abortuaren Legea bete gabe, emakumeen eskubide dena betetzen ez duten zentroak babestu egiten dituzte. Ez da behar emakumeen eskubideak bermatzeko gauza ez den legerik. Eta bermatu behar dena emakumeek beren gorputzaren gainean erabakitzeko duten eskubidea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo