GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Hiru ukapen oilarrak kantatu aitzin

Jeltzaleek, alde batetik, harro agertu nahi dute, beraiek gobernutik kanpo uztea tragedia nazionaltzat jota; baina, bestalde, belauniko jarri dira, edozein salneurri ordainduta ere, botereari eusteko

Gasteizko Parlamentua osatzeko hauteskundeetan gertatu dena espero zitekeen, baina emaitzen inpaktua hagitz gogorra izan da. Ezker abertzalea instituzio honetatik (ere) kanpo uzteko borondatea nabarmena zen aspaldidanik, eta errealitateak erakutsi digu oso ongi planifikatu zutela espainiar nazionalistek 2001ean lortu ez zutena erdiesteko formula. Orduan, Mayor Oreja eta Redondo Terreros mehatxu gisa hartu zituen jende askok, Ibarretxe salbatzaile gisa agertu zelarik. Ikasi egin zuten, berriz, eta oraingoan Patxi Lopez mozorrotuta agertu da. Orduko piper-potoen ordez, ikurrinak, baina, sakonean, egitasmo bera: espainiar nazionalisten gehiengoa Gasteizko Parlamentuan, instituzio hori kontrolpean izateko.

Jakin badakit gauzak biziki aldatu direla 2001etik. Oraingoan, jeltzaleen otsoaren aipamenak ez ditu orduko emaitzak ekarri. Eusko Alkartasunaren esparruan bai, nonbait, baina ez ezker abertzalearen multzoan. Gauzak horrela, EAJk irabazi ditu hauteskundeak, baina PSOE da gaur egun gehiengoa osatzeko bozak biltzeko gaitasuna duen bakarra.

Egoera honek mugimenduak behartu ditu, eta lurrikara handia ekar dezake panorama politikoan. Agian jendarte mailan ere astindu ederra gerta daiteke. Baina sobera goiz da gerta daitekeena aztertzeko, aukerak irekita daudelako oraingoz. EAJk hainbeste urtetan lotu duen botereari eusteko urratsak emanen ditu baina, agian, alferrik.

Badaezpada, dagoeneko zamak kentzen ari dira EAJkoak, PSOErekiko ituna lortzeko. Patxi Lopezen alderdiari helarazi dioten proposamenak azken urteetako mezu jeltzalea bertan behera utzi baino, txikitu eta erre egiten du. Euskadi, estatutua, autogobernua, krisia, ETAren kontrako borroka, bloke politikaren gainditzea... Adio herri kontsulta, agur plana, gero arte erabakitzeko eskubidea, ciao denon arteko elkarrizketa politikoa, au revoir Alderdien Legearen salaketa...

Kristau mitologiak dio Pedrok Jesukristori agindu ziola leial izanen zitzaiola. Ez zuen egin, berriz, eta aurretik Jesukristok berak esan bezala, hiru aldiz ukatu zuen bere jarraitzaile izanak oilarrak bigarren aldiz kantatu aitzin. Jeltzaleek ez dute oilarraren kantua itxoiteko asmorik. Edozer ukatuko lukete, edonolako zama botako lukete oposiziora ez pasatzeko.

Tristea da politikagintzaren usteltzea noraino iristen den ikustea. Jeltzaleek, alde batetik, harro agertu nahi dute, beraiek gobernutik kanpo uztea tragedia nazionaltzat jota; baina, bestalde, belauniko jarri dira botereari, edozein salneurri ordainduta ere, eusteko. PSOEri bidali dioten testua irakurtzeak erakusten du zein azkar doazen Lizarra Garazitik aldentzen den bidean barna.

Txarrena da, finean, hiru aldiz baino gehiagotan ukatu dutena: gure herriaren libre izateko eskubidea. Horrekin trafikatu dute orain arte, eta gauza bera egiteko asmoa dute oraingoan ere. Ez dut batere maite kristau mitologia, besteak beste, indarrez ikasarazi zidatelako, baina zerbait ikasi nuen, eta ez dut dena ahantzi. Horregatik, badakit gauza hauek aintzat hartzen direlarik, Pedro aipatzeaz gain tramaren beste pertsonaia bat gogora ekartzea komeni dela: Judas.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo