GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Beatriz Ilardia eta Iratxe Urizar Abokatuak

Borondatezko abortuaren despenalizazioa orain!

Ez gaitzatela hitz ponpoxoekin engainatu. Inork baino hobeto dakigu emakumeok abortatzea ez dela inoren gustuko platera, baina gure gorputza eta gure bizitzaren gaineko erabakia geurea besterik ez da

Mugimendu feministaren borroka irmoak legedian hainbat aldaketa ematea ekarri zuen duela 24 urte Estatu espainiarrean, balizko egoeretan abortatzeko aukera zabalduz. Aurrerantzean, espainiar legediaren arabera, delitu izaten jarraitzen badu ere, balizko hiru egoeraren barruan baimenduta egongo da abortatzea: lehena, emakumearen osasun fisiko edo psikikoa arrisku larrian dagoenean (abortua praktikatuko duen medikua ez den beste profesional batek hala agertu beharko du aurretiazko txosten batean), epe zehatzik gabe; bigarrena, bortxaketa kasuetan, betiere, salaketa ostean eta haurdunaldiaren lehenengo 12 asteen barruan burutu daitekeelarik; eta hirugarrena, fetuak malformazio larriren bat duenean (bi mediku espezialistaren txostena beharko da), egoera honen barruan haurdunaldiaren lehen 22 asteak izanik abortua gauzatzeko muga.

Ondorioz, esan dezakegu egun espainiar legediaren arabera, abortatu ahal izateko hainbat zorigaitz gehitu beharko zaizkiola emakumeari, nahi ez duen haurdunaldia jasatea nahikoa ez balitz bezala, esaterako, emakumearen bizitza edota osasuna arrisku «larrian» egotea (arrisku soila ez omen da nahikoa gizonezko legegile hauentzat), bortxaketa kasuan «larria» izatearen baldintza lotsagabea ezartzera ausartu ez baziren ere, bigarren suposizio honek babes arinena jasotzen du legegilearen partetik, bortxatua izan den emakumearen abortatzeko aukera, beste bi suposizioak ez bezala, lehenengo 12 astetara mugatuz.

Batzuek egoera sozioekonomiko larriaren suposizioa aldarrikatzen dute despenalizatu beharreko laugarren egoera bezala, baina horrek aipatu dugun logika horri erantzuten dio, emakume gaixoaren «zorigaitzaren» tamainaren araberakoa izango da abortatzeko duen eskubidea. Ezezko borobila! Emakume batek abortatzeko eskubide bera izan beharko du, pobre izan zein dirutan itoak egon. Emakume txiroari pobreziatik ateratzen lagundu beharko zaio eta ez abortatzeko eskubidea «oparitu», eta era berean emakume aberatsari zerga handiagoak ezarriko zaizkio, baina ez abortu eskubidea ukatu.

Zigorrik ez duten hiru suposizio hauetan ere ez dago emakumearen erabaki askerik, eskumena duten «agintariek» izango baitute azken hitza: medikuen txostenak emakumearen osasuna arrisku larrian dagoenean, adituen txostenak fetuaren malformazioaren kasuan eta poliziaren aurreko salaketak, nahitaezko baldintza dena legez abortatu ahal izateko (kontuan hartzeko datua, sei eraso sexualetik bakarra salatzen dela). Gure gorputzaren gaineko tutoretza onartezina da hori.

Arrazoi asko dago haurdun dagoen emakumeak, bortxatua ez izan arren edota haurdunaldiak osasun arazo «larririk» ez ekarri arren, umea eduki nahi ez izateko, azken hau, malformaziorik gabeko fetua izan arren. Beraz, egun indarrean dagoen legeriak, «legez kanpo» uzten ditu hainbat eta hainbat kasu eta, ondorioz, emakumeok aukeratu behar izango dugu legez kanpoko abortu bat egitea, delitugileak izan, edota borondatez kontrako amatasuna. Egoera horrek, batzuei horrenbeste interesatzen zaien «aurre bizitza» horiek ez bezala, benetan existitzen den eta jada bizirik dagoen gizaki baten bizitza suntsitu dezake, emakumearen bizitza, alegia.

«Lege partxeo» berri bat besterik izango ez den epeen lege berri bat martxan dago. Epe batzuen barruan abortatzeko eskubidea baimenduko omen duen lege aurreproiektua onartzear dago. Zer gertatuko da legegileek aurreikusitako epe horietatik kanpo haurdun dagoen emakumearen abortatzeko erabakiarekin? Berriz ere, egoera berean geundeke, delitua jaulki edota nahi ez den amatasuna.

Nafarroan betetzen ez den hiru suposizioen egungo legedia bete ez duten zentro publikoek epeen lege berri horrekin «legezko» abortuak praktikatzen hasiko ote dira ala beraien «objekzio eskubidea» emakumeon eskubidearen aldean babes «supremoa» izaten jarraituko du, Estatuko botere legegile, exekutibo zein judizialaren oniritzi zinikoaren babespean?

Ez gaitzatela hitz ponpoxoekin engainatu. Inork baino hobeto dakigu emakumeok abortatzea ez dela inoren gustuko platera (are gutxiago aurreratuta dagoen haurdunaldi baten kasuan), baina, arrazoiak arrazoi, gure gorputza eta gure bizitzaren gaineko erabakia geurea besterik ez da.

«Abortu zerbitzuak doakoak, ezagunak eta eskuragarriak ez direnean, sektore pribatuko bide paraleloak hobesten dira, eta horrek irabazizko helburu espekulatiboak bultzatzen ditu. Hau horrela gertatzen denean, diru gutxiago edukitzeak txirotasunetik eta heriotzatik hurbilago egotea ekartzen du, bidegabekeria nabariena agerian utziz: Legearen aurrean berdinak ez izatearena». Concha Cifrián.

Airera botatako txanponak aurpegi bat besterik ez du: Abortuaren despenalizazio osoa orain!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo