TOP 14
Goranzko bidean, beste aukera bat dute lapurtarrek
Biarritzek norgehiagoka zaila izango du Agilera estadioan Montferranden aurka. Aviron Baionakoak, aldiz, Toulonen zelaian jokatu beharko du.
Jon LEUNDA | BAIONA
Biarritzek eta Avironek pasa den asteburuan lortutako emaitza onei jarraipena emateko aukera ederra dute gaur beste lau puntu batu eta gorantz egiten jarraitzeko. Biarritzek, gainera, gaur irabaziko balu, mesede ederra egingo lioke Avironi.
Zuri-gorriak izango dira jokatzen lehenak, 16.30etik aurrera Montferrand hartuko baitute Agilera estadioan. Joan den larunbatean sekulako astindua eman zieten Akizeko taldeari, eta gaurko aurkaria Landetakoa baino askoz ere gogorragoa izango bada ere, Jean Michel Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek beste lau puntuak behar dituzte beren helburuetara gerturatzen jarraitu nahi baldin badute.
Aurkari oso zaila izango dute. Montferrand sailkapeneko laugarren postuan dago 55 punturekin, eta bosgarrengoari, Avironi, alegia, zazpiren aldea kentzen dio. Badakite Agileran irabazita urrats garrantzitsua emango luketela aurrera, eta Biarritzera garaipenaren bila etorriko dira, puntu bat bakarrik lortzea ez baita ona.
Lapurtarrek ia ezinezkoa dute, nahiz eta matematikoki posible duten, lehenengo lauren artean sartzea, baina helburu nagusia Heineken Koparako txartela lortzea izango litzateke. Gaur irabazita, Avironi laguntza ederra emango lieke.
Nolanahi ere, Avironi ez dio Biarritzek irabazteak bakarrik balio, beraiek ere irabazi egin behar baitute lehen lau horietan sartzeko itxaropenekin jarraitzeko. Zuri-urdinak Toulonen zelaian arituko dira 20.30etik aurrera. Ustez, partida ona izan daiteke kanpoan bigarren garaipena jarraian lortzeko, izan ere frantziarrak sailkapeneko hamargarren postuan baitaude 30 punturekin.
Zuri-urdinek pasa den larunbatean garaipen garrantzitsua lortu zuten Mont de Marsanen, eta bide beretik jarraitu behar dute Toulonen.