Manu Arrue Jesuita eta Loiola Etxeko arduraduna
Loiola Etxean, neure sendia, neure zain
Loiola Etxeak berri on izan nahi du: familia gizakoi eta zoriontsuagoaren seinale bat. Honelako etxeak edo bizitzeko erak ernamuinetan dagoen eta are jaiotzen ari den gizarte adiskidetuago, zuzenago eta baketuagoaren zeinu dira
Martuteneko espetxean, goizeko hamarrak. Patioan hizketa etsian ari dira Mohamed eta Patxi. «Ateratzeko baimena dagokit eta kartzelan irentsi beharko ditut kanpoan beharko nituzkeen orduak». «Ez al duzu familiarik?». «Bai, nire sorterrian... Nire lagunak, berriz, beren etxera joango naizela esango diedan beldur dira, horrek ondorio txarren bat ekarriko dielakoan». «Egoera zaila, inondik ere. Begira ezazu ea hona etorri ohi diren elkarteetakoren batek laguntzen dizun». Mohamed ezkor dago. Baina ez du amore eman nahi. Hara non ikusten duen Mikel kapilaua iristen. Hor doa beregana galdezka ea ezagutzen ote duen etxebizitzaren bat-edo baimena duten presoentzat. «Bai, bada: Loiola Etxea. Astean behin etortzen dira, arratsaldez, eta igandero Eukaristia ospakizunera».
Mohamedi bihotza piztu zaio. Itxaropenari ataka zabaldu dio berriak. Elkarrizketa eta behar direnak hitzartu ondoren, Loiola Etxeko ateak ireki zaizkio. Donostiako Gros auzoko etxe horretan jesuitak, gizonezko eta emakumezko laikoak, erlijioso-erlijiosak eta espetxe nahiz bazterkeria bizi izandako pertsonak bizi dira elkarrekin.
Etxera iritsi denean, Mohamedek Abdel eta Txominekin egin du topo. Elkarren ezagunak dira. «Hirugarren graduan gaude, badakizu, egunez zentroan lan edo ikasi egiten duzu eta gauez, Martutenera itzultzen zara lotara. Asteburuetan Loiola Etxean lo egiten duzu. Baldintzapean ateratzen naizenean, hemen lo egingo dut beti, kartzelara joan behar izan gabe».
Bazkaltzeko ordua da. Han gaudenok mahaia jartzen dugu. Mahai zabala, egunero bere inguruan hamabost bat lagun biltzen gaituena. Gaur dilistak dauzkagu. Julik prestatu ditu, gure etxekoandreak. Lapikoa erdian jarri, eltzekoa denen artean banatu eta Mohamedi ongietorri egiten diogu. «On egin!». Giroa goxoa da, lasaia. Txemak goiza nola eman duen kontatu digu. Adarra jo diogu Txomini lanera joateko estreinatu duen bizikleta dela eta. Postrearen ondoren, Jose dator galdezka: «Lagunduko al didazu mahaia jasotzen?». Guztia guztion zeregina da.
Bazkalondoan, batzuk terrazara atera dira zigarro bat erretzera. Loiola Etxea kerik gabeko gunea da. «Noiztik zaudete hemen?», galdetu du Mohamedek. «Hamar hilabete da etorri nintzela, baina urtebete egin dezakegu». «Zer egiten duzue?». «Hara, hau praktikak egiten ari da, ni eraikuntzako ikastaro bat...». «Nahiko ondo konpontzen zarete elkarrekin, ezta?».
Manu arretaz ari da entzuten. Hitza hartu eta honela dio: «Loiola Etxean, toki bera konpartitzeaz gain, familia bereko kide gara. Elkar zaindu nahi dugu, elkarren erantzukizuna daukagu. Inor gaixotzen denean, geu gara bere familia. Norbait gara gainerakoentzat, eta bakoitzak bere lekua du. Behin batean honela esan zigun batek: `nik badakit Loiola Etxera iristen naizenean, hor dudala norbait nire zain'. Etxe honetara datorrena bere etxean sentitzen bada, bete dugu nahi dugunaren puska handi bat».
Eguna aitaren batean doa. Afalaurretik asteari egiten diogu errepaso, zer izan duen onetik eta zer ondu beharrekotik. Inmari zorionak eman dizkiogu, bikotea egin baitu, eta Frani ere zorionak, amak deitu baitio bost urtean elkarrekin hitzik egin gabe bizi eta gero. Abdeli, enkargu bat: gaur komunak garbitzeko, atzo ez zituela-eta garbitu. Ohitura galduak berreskuratzen ahalegintzen gara: afaria prestatzen, etxeko lanak egiten laguntzen. Baita bizikidetzarako jarrerak ere: zintzo jokatzen, gure azpijokoak eta faboritismoak baztertzen, guztiari aurpegia ematen... ikasteko ahalegina egiten dugu.
Mohamedek jakin nahi du ea Loiola Etxean bizitzerik izango duen hirugarren gradura iristen bada. «Jakina -erantzuten diote-. Baina ikus zertara zatozen. Bada espetxetik ateratzea beste konturik ez duena. Hona, ostera, bide bat egitera etorri behar da, bakoitzak bere bidea egingo du, bere neurrikoa. Zuk ere bai. Bidelagunak izango dituzu ondoan eta laguntzen utziko diezu. On duzu lana aurkitzea edo ikastea, agiri-kontuak zuzentzea, zure toxikomania edo alkohol-arazoa gainditzea. Horretara etortzen da bat hona: beregan uste on dugula jakin dezan eta bere bizitzaren alde borroka egiteko. Hau ez da hotela, gero».
Handik denbora pixka batera, Aitor dator bisitan. Loiola Etxetik igaro da eta orain zubi-etxe batean bizi da beste bi lagunekin, behin betiko gizarteratu bitartean. Inoren menpe eta beren buruaren jabe bizitzen hasi aurretik, ona da pisu batean era autonomoan bizitzen hastea beste lagun batzuekin, berdintasunean eta babesik gabe. Ezinbestekoa da lana izatea eta norberaren alderdi garrantzitsuak landuta edukitzea, besteekin bere kabuz bizi ahal izateko.
Beraz ba, Loiola Etxeak berri on izan nahi du: familia gizakoi eta zoriontsuagoaren seinale bat. Honelako etxeak edo bizitzeko erak ernamuinetan dagoen eta are jaiotzen ari den gizarte adiskidetuago, zuzenago eta baketuagoaren zeinu dira, Isaiasen hitzen oihartzun: «Ez dira gehiago gudurako prestatuko... Mundu osoan ez du inork kalterik, ez hondamenik egingo».