GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Lehentasuna akordio politikoa betetzea da

Larunbatean RIRA talde armatuak Massereeneko base militarraren aurka egindako atentatuaren ondorio zuzenak ikusteke daude. Baina honezkero argi dagoena zera da, indar politiko guztiek Ostiral Santuko Akordioaren garapenean ikusten dutela Irlandaren etorkizuna, inola ere ez akordio horretatik kanpo. Zentzu honetan, aurrerantzean hartu beharreko neurriak ez dira, ezin dira izan, aurreko egoerara bueltatzeko, aurrera egiteko baizik. Hari horri tiraka, militar britainiarrek ez dute zertan irlara bueltatu. Behin betiko alde egin behar dute.

Hartara, Irlandan bakea eta justizia izan daitezen lagundu nahi duenak Ostiral Santuko hitzarmenetik eratortzen diren akordio politikoak bete daitezen bultzatu behar du, besterik gabe. Iradokizun honek hango zein hemengo politikarientzat, kazetarientzat, aktibistentzat edo herritarrentzat balio du. Etorkizunean Irlanda batu eta errepublikarra ezagutu nahi duten irlandarrek, halaber, akordio horien garapenean dituzte beren helburu politikoak erdiesteko behar dituzten tresnak.

Euskal Herriari dagokionez, konparazioak egiteko tentazioan eroriz gero -are nabarmenago tentazio horren helburua gure egoerari begirako irakasgairik ateratzea bada-, bi gatazka hauek fase zeharo desberdinetan daudela aipatu behar da, lehenik eta behin. Eta, han bezala, hemen ere gatazka politikoaren konponbidea, orain nahiz beranduago, elkarrizketaren eta akordio politikoaren bitartez gauzatuko dela gehitu behar da. Eta antzeko gatazka guztietan bezalaxe, han ere akordioa lortzea bezain zaila izango dela akordioaren baldintzak egikaritzea eta egonkortzea. Nolanahi ere, bide horretan aurrera egin ahal izateko, lehendabiziko urratsa garaipen militarra ezinezkoa dela onartzea da. Antza, Irlandan eta Britainia Handian badira oraindik hau onartzen ez duten pertsonak. Hemen, ordea, ETAk esana du garaipen militarrerako aukerarik ez dagoela. Ezta porrot militarrerako ere. Bere garaian Downing Street-en gertatu zen bezala, Moncloan egitate hau onartzen dutenean gatazkaren amaiera gertuago egongo da hemen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo