Donibane Lohizunen, euskarak «bihotzetik mihirako» bidaia egin dezan elkarlanean
A. MANTEROLA |
Euskararen aldeko ekimen ugari loratzen ari dira azken asteotan Ipar Euskal Herrian. Oraingoan, Donibane Lohizunen euskara bultzatzeko asmoz martxoaren 14rako «euskararekin bat, bihotzetik mihira» lelopean egitarau zabala antolatu dute. Lehen ere helburu bera zuten ekitaldiak egin izan dira herri lapurtarrean, esaterako, «10 oren euskaraz» izenekoa.
Korrikaren harira euskara «askoren ahoan» izaten dela baliatu du Euskaraz Bai elkargune sortu berriak bere mezua helarazteko. Alta, plataformaren asmoa ez da, inondik inora, unean uneko ekintzak soilik egitea, «epe luzerako dinamika abiatzea» baizik.
Izan ere, elkarlanean hasi diren EHE, Kontseilua, AEK, Ikastola, Doña Maria ikastetxea, Gaztetxea, Ihauteri, Biga Bai eta Begiraleak elkarteen xede behinena euskararen normalizazioa erdiestea da.
«Mugak» euskarari
Euskara badakitenei hitz egiteko aukerak ematea eta ez dakitenei ikasteko bidean jartzeko bitartekoak eskaintzea da elkargunearen asmoa. «Euskara ikasi eta erabiltzea dira gakoak», adierazi zuen aurkezpenean Sebastien Irazokik.
Donibane Lohizunen, ordea, euskaraz bizitzeko aukerak «aski mugatuak» direla agerrarazi nahi izan dute. «Herriko Etxetik hasita, eragile publiko zein pribatuekiko harremanetan oztopo handiak aurkitzen ditu euskaraz bizi nahi duenak», gaineratu zuen Ione Josiek.
Ardurak, hala ere, ez dira maila berekoak bere esanetan: «Euskara erabiltzeko eskubidea bermatzea, lehenik eta behin, administrazioaren erantzukizuna da. Horregatik hizkuntza politika ausarta eta eraginkorra behar-beharrezkoa da. Noizko jarduera administratiboak euskaraz egiteko aukera? Noizko euskara batzorde bat edo euskara teknikari bat? Edo aurrekontu berezi bat euskara kultur azpiataltzat hartu ordez?».
Dendetan, banketxeetan, notaritzetan edota hondartzetan ere euskaraz bizitzeko aukerak eskaini behar direla nabarmenduta, «inplikazioa eta engaiamendua» eskatu zieten norbanakoei, eragileei eta botere publikoei, betiere «euskaren geroa ziurtatuko duena elkarlana» izanen dela argi utzirik.
Ongi etorri euskarara!
Mezu baikorra oinarri hartuta, larunbateko egitaraua aurkeztu zuten. Horrela, goizean ibilaldi batek alaituko ditu karrikak 11.00ak aldera Louis XIV plazan bertso eta mutxikoei ekin aitzin. Bertan, afitxa egiteko ikasleen marrazki lehiaketako sariak banatuko dira (Gaizka Mujika izan da irabazlea). Horren ostean, Dona Maria ikastetxean herri bazkaria eginen da Donibane Kantuz taldeak girotuta. Izen emateak 0663302492 telefonoan edo ehe-ziburu@euskalerria.org helbidean jasoko dira. Mus txapelketak eta herri-kirolak izango dira jarraian eta eguna amaitzeko, Pog Mo Thon eta Imanol eta karakolak taldeen kontzertua.
Bezperan, 20.00etatik goiti, Laida Mujika Kontseiluko arduradunak `Euskaraz bai' dinamika aurkeztuko du Gau Eskolan.