GARA > Idatzia > > Ekonomia

Arraina zuzenean saltzeko guneak, Ziburuko portuan

GARA |

Donibane Lohizune-Ziburu portuko administrazio kontseiluak karpak jarriko ditu Pascal Elissalt kaian, Ziburu aldean, harrapatutako arraina bezeroari zuzenean saldu nahi dioten arrantzaleentzat.

Aukera hori iazko abuztuan onartu bazen ere, eta kontseiluak kaiak oinarrizko hornikuntza baduela esan arren, orain artean arrantzaleek ez dute salmentarako gune berezirik izan. Horrela, aste honetan ezarriko dira karpak, beharrezko mahai eta balantzekin. Biltegia eta hotz-instalazioak erabili ahal izango dituzte, eta garbitasuna eta arraina kokatzeko laguntza ere bermatuko zaizkie, 2007ko uztailean su hartu zuten instalazioak berriro eraiki bitartean.

Orain bi aste arte apenas izan da zuzeneko salmentarik Lapurdiko portuan, baina azken garaiotan enkantean ordaintzen dizkieten prezioen beherakadak bultzatuta, zenbait arrantzalek arrantzatutakoa kontsumitzaileei zuzenean eskaintzea deliberatu dute.

Salmenta hori Donibane Lohizuneko aldean dagoen biltegi zaharrean egiten ari da geroztik eta portuko kontseiluak, baldintza egokiak eskaintzeko asmotan, karpak jarri eta Ziburu aldeko instalazioetara ekarri nahi ditu.

Donibane aldean

Ontzi-jabe batzuek, halere, nahiago dute Donibane aldeko gunea, erosleentzat hara gerturatzea errazagoa izaki, salmenta hobea izango dela uste baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo