GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Biellek eta Ducassouk partida erditik aurrera ez dute aurkaririk izan


Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Biellek eta Ducassouk lortu zuten atzo Donibane Garazin Berezkoen Binakako aurrekanporaketako azkeneko neurketa jokatzeko txartela, Alfarori eta Lazkanori 40-18 irabazita. Partida erabakiorra datorren igande arratsaldean, 18.00etatik aurrera, izango da Armendarizen, eta han Etxeberri eta Harizmendi izango dituzte aurrez aurre.

Emaitzari begiratuta, garaileek partida erraza izan zutela ematen du, baina gauzak ez ziren horrela izan. Alfaro eta Lazkano ongi sartu ziren partidan; hasierako kintzeetan nagusi izan ziren, eta joko horri esker, 18-9 aitzineratu ziren. Bazirudien, faboritoek ez zutela hutsik egingo, baina hortxe amaitu zen beraien agintea.

Bielle eta Ducassou partidan sartzen joan ziren, eta norgehiagoka 15-15 berdintzea lortu zuten. Hor beste norgehiagoka bat hasi zen, eta kolore bakarra izan zuen, ez baitzuten aurkaririk izan. 25-3ko partziala sartu zieten Alfarori eta Lazkanori, eta amaieran markagailuak 40-18 erakusten zuen Bielleren eta Ducassouren alde. Ezustea handitu egin zen norgehiagoka nola hasi zen ikusita.

Biellek oso partida ona egin zuen. Hasieran zalantza batzuk izan bazituen ere, neurketari ederki hartu zion tamaina, eta kanporaketako onena izan zen. Ducassou ere bikain aritu zen atzean. Lazkano baino gehiago izan zen, eta norgehiagoka aginduz amaitu zuen.

Beste aldean, berriz, goitik behera egin zuten. Alfaro eta Lazkano ederki hasi ziren, baina partida erditik aurrera ia ikusezin bihurtu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo