GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Kaleratze gehiegi Mendizorrotzatik urrun

Hamar txartel gorri ikusi dituzte etxetik kanpo jokatutako hamairu partidetan

p035_f02_96x97.jpg

J.O.| GASTEIZ

Bi egun igaro diren arren, Alaveseko jokalariek haserre jarraitzen dute Juanjok Las Palmasen ikusi zuen txartel gorriagatik. Izan ere, Lesma Lopez epaileak atera zion bigarren txartel horia guztiz lekuz kanpokoa izan baitzen. Itxurak egitea egotzi zion madrildarrak, jasotako falta argia zenean eta horrexegatik Lehiaketa Batzordearen aurrean jarritako helegiteak aurrera egingo duen itxaropena dute.

Baina kasu zehatz honetatik haratago, aztertzekoa da Alaveseko jokalariek etxetik kanpo ikusi dituzten txartel gorri kopurua, izan ere, Mendizorrotzatik urrun jokatutako hamahiru partidetan, hamar jokalarik ikusi dute txartel gorria; Pablo Casarrek Zaragozan, Garitanok Herculesen aurka, Albacarrek eta Mateok Xerezen zelaian, Astudillok Castellon, Garitanok Ipuruan, Almironek eta Cesarrek Huescan, De lucasek Alicanten eta Juanjok Las Palmasen.

Puntuei erreparatuz gero, Castelloren aurka (0-1) eta Alacanten (0-2) bakarrik lortu du Alavesek punturen bat urratzea eta bi kasuetan kanporatzeak partidaren hondarrean gertatu ziren.

Zenbakiak kezkagarriak dira, batez ere Gasteiztik at aurkaria sekula ez baita jokalari bat gutxiagorekin geratu. Alderantzizko zenbakiak ere oso dira esanguratsuak, Fagoaga izan baita Mendizorrotzan txartel gorria ikusi duen Alaveseko jokalari bakarra.

Aitzitik, lau alditan jokatu dute babazorroek jokalari bat gehiagorekin, eta denak etxean. Halere, oso etekin gutxi atera diote, Murtziaren aurka zortzigarren jardunaldian baino ez baitira irabazteko gai izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo