Aldaketa gutxi eta itxiera ugari izango da hurrengo ikasturtean Ipar Euskal Herrian
Atzo Pauen Batzorde Tekniko Parekidea bildu zen hurrengo ikasturterako irakasle lanpostuen banaketa erabakitzeko. Gaur Hezkuntza Nazionaleko departamentu kontseiluak berretsiko ditu atzoko erabakiak.
Idoia ERASO |
Joan den astean Ikuskaritza Akademikoak proposatu zuen irakasle eta pedagogo lanpostuen zerrenda kasik bere osotasunean berretsi zuen atzo Batzorde Tekniko Parekideak. Hendaiako Lizardi eskolak atzera egitea lortu zuen, Baionako bi eskoletan bezala, baina Gamere Zihigako eta Jules Ferry eskolako irakasleak kentzea onartu dute.
Sindikatuek atzoko eta gaur-ko batzordeen artean dagoen denbora tarte txikia salatu du-te. Izan ere, atzoko erabakien eta gaurkoen artean eragileek ez baitute erantzuteko denborarik izan.
Deliberoen kontra borrokatzeko eta hezkuntza hondatzearen kontra egiteko atzo egin ziren protestek gaur jarraipena izanen dute. Paueko prefekturaren aitzinean elkarretaratzea eginen da goizeko zortzi eta erdietatik aurrera.
Protestak
Irakaslea galtzeko arriskua zuten eskola askotako gurasoak Pauera hurbildu ziren atzo hezkuntzaren kalitatea defendatzera. Han ziren Gamere Zihigako auzapeza, Battitt Aguer, eta kantonamenduko kontseilari nagusia, Michel Arhancet, ere. Zuberoako herri horretako eskolako irakasle postu bakarra kentzeak eskola bera ixtea ekarriko lukeenez, eskualdeko hautetsiak ere mobilizatu dira. Arhancetek honakoa adierazi zuen: «Berehalako luzamendu bat eskatzen dut eta herrian etxebizitzak egiteko inbertsioak egiteko engaiamendua hartzen dut».
Lapurdiko hiriburuko Jules Ferry eskolako gurasoek eraikina okupatu zuten atzo adimen urritasuna duten haurren integraziorako gela ixtea aurreikusten baitu joan den astean Ikuskaritza Akademikoak egin zerrendak.
Hendaiako Lizardi eskolako gurasoak Herriko Etxeak antolatu autobus batean hurbildu ziren Pauera. Eskolak irakasle postu bat galtzeko duen arriskua ikusita, ikasleekin bat egiteko, Battitte Salaberri auzapezak larunbatean autobus bat jartzea deliberatu zuen. Paueko Ikuskaritza Akademikoaren aurrean protesta egiten zeudenen karteletan «Lizardiko ama eskola ez hunki» irakur zitekeen.
«Azkaine haserre» zioten Lapurdiko herritik heldutako gurasoek soinean zeramatzaten «txalekoetan». Donibane Lohizuneko Haize Errotak ere defendatzaileak izan zituen departamenduko hiriburuan.
Donibane Garazitik ere abiatu ziren Pauera Nafarroa Behereko irakasle lanpostuak defendatzera. Joan den astean protestaldiari ekin zioten Barkoxeko eskolakoek ere han izan ziren.
IUTko edo Teknologia Unibertsitate Institutuko ikasleek borrokan jarraitzen dute. Gaur goizeko hamar eta erdietarako manifestazioa deitua dute. Baionako geltokitik abiatuko da mobilizazioa eta eskoletako protestarekin bat eginen du. «Hezkuntza eta zerbitzu publikoa elkarrekin defenda ditzagun, haur hezkuntzatik unibertsitatera» lelopean lizeoko zein unibertsitateko guraso eta ikertzaileei beraien borrokarekin bat egitera dei egin diete.
Eskolako irakasle bakarra galduta, zentroa itxi beharko da Gamere-Zihigan. Lanpostua kentzeko erabakia berretsi zuten atzo. Baionako Jules Ferryko adimen urriko ikasgela itxiko dela deliberatu zuten atzo Pauen.
Baionan manifestazioa deitu dute IUTeko ikasleek gaurko. Gurasoen egoerarekin bat eginen dute bertan «hezkuntza zerbitzu publikoa elkarrekin defenda dezagun, haur hezkuntzatik unibertsitatera» lelopean.