Emakumeentzako eguna antolatu dute Baionan, osasuna eta aisialdiaren inguruko gaiak lantzeko
GARA |
Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren oihartzuna baliatuta, «Emakumeentzako eguna» antolatu dute bihar Baionako Elkarteen Etxean. Hiesaren osasun eta gizarte sareak antolatzen du ekimena eta aurten beste hamabost elkarte gehitu dira. Bizitzaren eremu guztietara zabaltzen den eta emakumeari zuzentzen zaion jardunaldia proposatu dute. Iaz ospatu zen lehen aldiz aisialdia eta osasuna uztartzen dituen ekimena.
Familiaren gaiari arreta berezia eskainiko zaio aurten. Arte lanak, bazkaria, masajea eta beste hainbat ekintza antolatu dira emakumeekin batera familia guztiak goza dezan, baina bereziki «emakume guztiei egun goxo bat oparitzeko helburuz».
Erakunde publikoetako laguntza jasotzeaz gain, hainbat elkarte eta gizarte mugimenduren partaidetza bilatu dute. Orotara, 50 kolektibok esku hartu dute ekimenean. Iaz 200 bat emakume hurbildu ziren, baina aurtengo komunikazio kanpaina dela-eta bisitari gehiago espero dira.
Zortzi tailer antolatu dira beste hainbeste gairen inguruan, eta bakoitzean adituen presentzia izanen da. Besteren artean, amatasuna, bizitza profesionala, ongizatea, osasuna eta sormena jorratuko dira.