Lurraldetasuna eta berdintasuna ardatz dituen Xiba ekimenak berritasunak dakartza VI. edizioan
Ikastolen Konfederazioak bultzaturiko Xiba ekimena Euskal Herriko kirol eta jokoak zaintzeko eta bultzatzeko helburuarekin sortu zen duela sei urte. Aurten, VI. edizioan, berritasunak dakartza: bote luzeko eta dantza ikastaroa, eta Urtezahar Berri Egun berezia.
Imanol CARRILLO
Datorren apirilaren 18an hastekoa bada ere, hasi dira jada aurtengo Xibarako giroa berotzen. Izan ere, VI. edizioak berritasun nabarmenak dakartza. Aurreko urteetan egin izan den herrien arteko jokoez eta kirolez gain, antolatzaileek eskaintza berezia aurkeztu dute aurten. Horrela, tradiziozko jardueretan, harri jasotzen edota lokotx biltzen aritzeaz gain, besteak beste bote luzeko ikastaroa egiteko aukera ere izan zuten parte-hartzaileek jada joan den hilaren 4an.
Antolatzaileek GARAri azaldu diotenez, «bote luzea, nolabait esatearren, gaur egun ezagutzen diren pilota modalitateen iturburua da». Euskal jokoaren molderik zaharrena da, beraz, eta soilik Zuberoan gorde dute. Antolatzaileen helburua kirol hau berreskuratzea da, eta horretarako prestatu zuten ikastaroa. Taldeka aritu ziren parte-hartzaileak, bost bosten kontra, eta paretarik gabe.
Aurtengo bigarren berritasuna gaurko egunak ekarriko du. Dantza ikastaro bat da, zehazki: «Euskal Herri osoan dantzatzen den Larrain dantza eta Akelarrearen inguruko dantzetan murgiltzeko aukera izango dute parte-hartzaileek», arduradunen hitzetan.
Urtezahar Berri eguna
Josu Naberan idazleak Urtezahar Berri Egunaren edo, beste era batera esanda, euskal ilargi betearen gaineko tesi bat plazaratu zuen Basandere argitaletxean. Udaberriko lehen ilberriari dagokion atalean azaltzen duenez, urtea lehen elurtearekin amaituko litzateke -udaberrian-, eta ez abenduaren 31n. Hala, ilberriak mugatuko luke aro berria.
Tesiaren atal hori ardatz hartuta, Xibako antolatzaileek praktikara eraman nahi dute lanean esandakoa, Urtezahar Berri Eguna izeneko ekimenarekin. Hilaren 26an egingo da Hendaian, eta hainbat ekintza antolatu dituzte horretarako: bote luzea eta dantza; eguraldiak lagunduz gero, hondartzan sokatiran aritu oinutsik; hitzaldiak; eta afaria, sua, parodiak eta musika. Antolatzaileek nabarmentzen dutenez, guztien artean kudeatzeko ekimen bihurtzea nahi dute, hau da, «bakoitzak eramandako instrumentuak, kantak eta dantzak besteekin konpartituz».
Herrien artekoa
Behin berritasun hauekin giroa berotuta, urtero egin izan den herrien arteko jarduerei iritsiko zaie txanda. Hauek dira datak eta lekuak (lehen bietan izan ezik, lekuak zehaztu gabe daude): apirilaren 18an, Nafarroa Beherea eta Zuberoa (Baigorrin); maiatzaren 2an, Nafarroa (Goizuetan egingo da, eta Astigarragako, Hernaniko eta Ereñozuko parte hartzaileak ere ahal izango dira aurkeztu); maiatzaren 9an, Gipuzkoa; maiatzaren 23an, Araba; maiatzaren 31n, Lapurdi eta Bizkaia; ekainaren 6an, Gipuzkoa; eta ekainaren bukaera aldera, Azken Jaialdia ospatuko da.
Leku bakoitzean 12 proba egingo dira, 3 multzotan banatuta. Joko bakoitzean neska eta mutil bana arituko dira, berdintasuna baita antolatzaileek hasiera-hasieratik landu nahi duten ildoetako bat. Honako jarduerak egingo dira lehen multzoan: harri-jasotzea, ingude eta lasto altxatzea, batetik, eta dantza, bestetik (bi aukera daude hemen: fandangoa edo arin-arina, edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia dantzatzea). Bigarren multzoko jokoak: auzolana, batetik (erreleboka egindako trontza, lokotxak, txingak eta zaku eramatea), eta toka, bestetik. Hirugarren multzoan: xiba, musa eta sokatira (lau pertsona talde bakoitzeko, zortzikotea osatuz).
Xiba ekimenean parte hartzeko baldintza hauek bete behar dira: 16 urte baino gehiago izatea, talde bakoitzean 6 neska eta 6 mutil egotea eta horietako bat taldeko arduraduna izatea. Izena emateko, berriz, bi aukera daude: xiba@ehik.ikastola.net helbide elektronikora idatzi, edo (0034) 943693516 telefonora deitu. Maiatzaren 31 baino lehen eman beharko da izena.
Aurreko urteetako balantzea «oso positiboa» izan da -80 bat taldek parte hartu izan dute edizio batean-. Baina halako antolaketa batek sekulako lana eskatzen du, Euskal Herri osoan, «nazio mailan», egiten den ekintza baita. Lanak lan, antolatzaileek aurtengo edizioan ere esperantza guztia ipini dute, eta berritasun nabarmenak gaineratu dituzte. Pixkaka, gainera, «herrien arteko saretxo bat sortzen ari da», eta horrek, finean, euskaldun guztiak biltzen ditu.