Inkomunikazioak tratu txarrak ahalbidetzen baditu, hori aplikatzeak susmoak areagotzen ditu
Zertara dator politika zehatz batean Gobernu baten «ikur» bihurtu dena bat-batean bertan behera uztea? Zergatik orain, Gobernua behin-behinekoa denean? Zer erakutsi nahi da? Nori? Zergatik atzo arte harrotzeko arrazoi zena, bihurtu da gaur oztopo? Zergatik gezurretan ibili gertatu denari buruz? Zergatik ukatu nabarmen dena? Zergatik egin eskubideen aplikazioan salbuespenak? Zeinek hartzen ditu erabaki hauek? Zertarako esan desberdinak garela, besteek egiten dutena egiten badugu? Zergatik ez dira onartzen Nazio Batuen Erakundeak egindako iradokizunak?
Hauek eta beste hamaika dira Ertzaintzak atxilotutako azken pertsonen kasuan edozein herritarri bururatu ahal zaizkion galderak. Oraindik gehiago, Manex Castroren adierazpenak irakurri ondoren. Atxilotuentzako Ertzaintzaren protokoloa legedi «antiterroristak» zituen «hutsuneak» saihestera baldin bazetorren, hori ez betetzea «hutsune» horietan sakontzea da. Beste galdera bat dago, aurreko guztiei gehitzeko: zergatik ez du ipini EAJk, PSEri egin dion proposamenean, aurrerantzean, lehen ere luzaroan egin duen bezalaxe, Ertzaintzak lege espainola beteko duela horrek gizalegea urratzea badakar ere?