GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Ez da Txina astintzeko garaia

Ez da Txina astintzeko garaia, sendotu eta sasoitu dadin otoitz egitekoa baizik. Hillary Clintonek Beijingera egin duen lehen bisitaldia eredutzat hartu behar bada, harrokeriak bazterrera uzteko premia heldu da Mendebaldeko kantzelaritzetara

Duela laurogei urte etsaiarenganako herra eta beldurra zena, orain salbatzaile izan daitekeenarenganako desio eta arrangura bihurtu dela, hara non suma daitekeen alderik handienetako bat. Krisia sakondu eta gogortu ahala, hizpide errepikakorrenetakoa baita, ekonomialarien artean batik bat, egungo honek 1929koarekin izan lezakeen antza. Hamaika irizpide aipatzen da kidetasunak azpimarratzeko, eta beste hamaika ezberdintasunak nabarmentzeko. Orduko Sobietar Batasuna eta egungo Txinaren (hobeto esanda, hari eta honi buruz gure Mendebalde kapitalistan zerturiko jarreren) arteko aldeak igartzeko aski litzateke, ordea, joan den ostegunaz geroztik Beijingen osoko bilkura egiten ari den 11. Herri Legebiltzar Nazionalaren deliberoen inguruan gure hedabideetan argitaratzen joan dena alderatzea.

Helarazi zaigun ia guztia, Wen Jiabao lehen ministroak susperkuntza ekonomikorako iragarritako plan erraldoiaren baitakoa izan da: aurrekontuen defizita BPGaren %3raino igoaraziko duela, 2009ko hazkundea %8koa izatea espero dutela agintariek, kostaldeko lantegi esportatzaileetan langabe geratu diren milioika langileei bizibidea eta eskualde atzeratuei aurrerabidea eskaintzeko herri-lan programa ikusgarria abiarazten ari direla... Inork ere ez du zalantzan ipini (eta ez naiz ni hasiko hemen dagozkidanak baino galtza handiagoak janzten) «norabide onean» doazen neurriak direla. Ia aditu guztien arrangura da, haatik, «ea nahikoa izango ote den». Eta ez bereziki Txinarentzat aski izango ote diren (hori, nonbait, bigarren mailakoa litzateke), baizik eta ea munduko ekonomia zulotik aterarazteko nahikoa izango ote den neurri horiek txinatarren kontsumoa suspertzeko eduki dezaketen eragina. Jakina, zenbat buru hainbat aburu aditzen dira horretaz. Baina esanguratsua da planteamendua bera.

Noski, duela urtebete, suziri olinpikoaren ibilbide europar eta amerikarrean batik bat, ikusitako zalapartak oso aintzakotzat hartu zituztenek nora ezean egon behar dute. Martxoaren 10eko Matxinadaren 50. urteurrena gutxienez hizpide izan behar lukeen egun hauetan ia inor ez dela Tibeteko auziaz oroitzen ikusteak iragartzen du, bestalde, zertan gera daitekeen bi hilabete barru Tiananmen plazakoaren 20. urteurrena. Ez da Txina astintzeko garaia, sendotu eta sasoitu dadin otoitz egitekoa baizik. Hillary Clintonek Beijingera egin duen lehen bisitaldia eredutzat hartu behar bada, harrokeriak bazterrera uzteko premia heldu da Mendebaldeko kantzelaritzetara. Badu alde onik horrek, baina bego beste baterako.

1929an, Stalinen aginpide erantzunezinaren pean, Lehen Bosturteko Plana abiarazi eta urtebetera, kolektibizazio eta industrializazio derrigortuaren hastapenetan aurkitzen zen Sobietar Batasuna eta Laugarren Belaunaldiaren aginduetara dagoen egungo Txinaren arteko aldeak sekulakoak dira, ezbairik gabe. Espero daitekeena da, bide batez, egungo Txinan izan daitezkeen Bukharin edota Kondratieven kidekoek haiek baino atarramendu hobea izatea. Eredu alternatiboa irudikatzea bezain garrantzitsua izan daitekeelako dugun sistema ajeatuari konponketa egokiak egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo