GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ezker abertzaleak babesa adierazi dio Korrika 16ri eta AEK-k euskararen alde egindako lana txalotu du

p016_f02_088x072.jpg

GARA |

Ezker abertzaleak atxikimendua adierazi zion atzo Korrika 16ri. AEK-k Bilbon duen egoitza nagusian egindako agerraldian, Tasio Erkiziak eta Itziar Lopategik Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak euskararen alde egindako lana txalotu zuten, eta Korrika, herriz herri, auzoz auzo, Euskal Herri osoan bultzatzeko konpromisoa hartu zuten. AEKren izenean Edurne Brouardek eskerrak eman zizkien, eta gogorarazi zuen Korrikak hasiera-hasieratik izan duela ezker abertzalearen babesa.

Ezker abertzaleko kideek, oso egokitzat jo zuten Korrika 16ren leloa -«Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!»-, eta salatu zuten immigranteak «euskararen eta euskal kulturaren kontra erabiliak izan zirela», eta ez zitzaiela integratzeko eta euskara ikasteko aukerarik eman. «Euskarak atzera egin zuen, baina ez immigranteen erruagatik», ondorioztatu zuten. Nabarmendu zuten, halaber, euskarak gaur egun arriskuan jarraitzen duela eta AEK-k egiten duen lana beharrezkoa dela.

«Ziber-lekukoa»

Bestalde, edizio guztietan bezala, bihar hasita eta igandera bitartean diru bilketa egingo du Korrika 16k Hego Euskal Herriko herri guztietan, herritarren elkartasuna jasotzeko. Horrekin batera, «Korrika lagun» kanpaina ere abian da.

Gainera, aurreko Korriketan abian jarritako Ziberkorrika jada martxan dago, Euskal Herritik at bizi diren euskaltzaleei ongietorria emateko. Horiek horrela, www.korrika.org webgunean, mundu osoan zehar ibilbide birtuala egingo du Korrikak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo