GARA > Idatzia > > Mundua

Taliban «moderatuekin» hitz egiteko prest dagoela berretsi du Joe Bidenek

Iraken egindako politikari jarraituz, Afganistango taliban «moderatuekin» mintzatzeko prest daude AEBak, talibanen eragina indargabetzeko asmoarekin. Hala onartu zuen atzo, Joe Biden presidenteordeak, NATOko enbaxadoreekin Bruselan izandako bileran.

GARA |

AEBetako presidenteorde Joe Bidenek, atzo NATOko bazkideekin Bruselan izan zuen bileran, nabarmendu zuen Barack Obama presidentea Afganistango taliban «moderatuekin» hitz egiteko prest dagoela, akordio bat lortzearren.

«Bide hori saiatzea merezi du», esan zuen Bidenek prentsaren aurrean, Obamak igandean «The New York Times» egunkarian adierazi zuen asmoari buruz galdetu ziotenean. Iraken oposizioan zeuden talde sunita moderatuekin egindakoa Afganistanen errepikatzea da asmoa.

«Nire ustez, merezi du kontaktuak egitea. Afganistanen estatu iraunkor eta seguru batean parte hartzeko prest dauden ala ez ikusi nahi dugu», gaineratu zuen Bidenek.

AEBetako presidenteordeak gogora ekarri zuen Pakistan eta Afganistanera igorritako mandatari Richard Holbrookek egindako txostenak adierazten duela talibanen artean soilik %5 dela «arteztu ezinezko etsaia». Gainerako %95a diruaren truke jarduten da borrokan.

Talibanei egin beharreko proposamenaren gainean, hori zehaztea Afganistango presidente Hamid Karzairi dagokiola esan zuen Bidenek.

«Gauzarik garrantzitsuena da elkarrizketa hauek ez dutela Kabulgo Gobernuaren zilegitasuna kolokan jartzen», nabarmendu zuen Bidenek. Abuztuaren 20an presidentetzarako hauteskundeak izango dituzte Afganistanen, eta Karzaik, oraingoz AEBen sostengua badu ere, irabazteko zailtasunak izango dituela aurreikusten da.

Iraken antzeko estrategia erabili denean «arrakastatsua» izan dela gaineratu zuen Bidenek. Han, Al-Qaedaren gerizpetik ateratzeko matxino sunitekin negoziatu egin zen. «Antzeko aukerak ager daitezke Afganistanen eta Pakistango eskualde tribalean», adierazi izan du Obamak.

«Iraken argi geratu da sunita guztiak Al-Qaedaren aldekoak direlako ideia faltsua dela», esan zuen Bidenek, Afganistanen ere antzeko politika jorratu daitekeela azpimarratuz.

«Gure helburua lortzeko konponbide pragmatikoen bila gabiltza. Ez dugu nahi Afganistan terroristen gordeleku izatea eta lurraldea gobernatzeko eta segurtasuna bermatzeko gai ez den herrialde bat izatea», adierazi zuen AEBetako presidenteordeak.

Bruselara egindako lehen bisitan Bidenek NATOko 26 partaideren ordezkarien iritziak «entzun zituen» Itun Atlantikoaren baitan Afganistanen eta Pakistanen aritzeko «estrategia bateratua» lortzeko bidean. NATOk apirilaren 3 eta 4an gailurra ospatuko du Estrasburgon (Alsazia) eta Kehlen (Alemania).

Karzai, Iranen

Afganistango presidente Hamid Karzai Teheranera joan zen atzo, eskualdeko herrialdeekin bilera egiteko. Iran, Pakistan eta Turkiako presidenteek ere bilera horretan parte hartu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo