GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Waltari da faboritoa, berak darama presio hori, eta horrek lasaitasuna ematen dit»

p039_f01.jpg

Paxkal Ezkurra

Pilotaria

Paxkal Ezkurra txapeldun handia da, trinketeko esku pilota profesionalak eman duen pilotaririk handienetakoa. Badaki zer den Buruz Burukoa irabaztea, baina pasa den urtean Waltariren aurka galdu zuen. Larunbateko finalean, iaz galdutakoa berreskuratu nahi du, Kubako pilotaria mendean hartuta.

Jon LEUNDA |

Paxkal Ezkurra aurten ere finalean da. Urruñarrak berriro ere Waltari izango du aurrez aurre. Iaz kubatarrak aise kendu zion txapela, baina aurten gauzak aldatzea espero du.

Zer moduz heltzen zara finalera?

Ongi. Hiru aste izan ditugu guztia prestatzeko, eta uste dut ongi etorri direla gauzak behar bezala egiteko.

Eskuan arazo batzuk izan dituzu, eta astebete atzeratu behar izan zenuen finala. Osatu al zara?

Bai. Eskua ongi dut, baina ez dut berarekin lan gehiegi egin aste hauetan. Lan fisikoa izan da gehiago, badaezpada ere, eskuko arazoak ez gehitzeko. Masajistekin eta sendagilearekin aritu naiz eskua behar bezala jartzeko, eta ustez ongi daukat.

Iazko aurkari bera izango duzu finalean. Orduan nahiko haserre amaitu zenuen, inork uste baino errazago irabazi zizulako. Aurten errebantxa nahiko duzu ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Iaz gauzak ez zitzaizkidan ongi atera, eta aurten irabazi egin nahi dut. Hasteko, nire partida egin nahi dut, nire buruarekin gustura geratu, eta gero ahal badut irabazi. Aurten, gainera, bera izango da faborito garbia, eta niretzat, horrela hobeto.

Beraz, presio gutxiagorekin nahiago?

Bai, bai. Dirua haren alde egongo da, denek faborito garbitzat hartzen dute Waltari, eta berak izango du presio hori. Horrela neu lasaiago joatea espero dut, eta neure partida egitea.

Waltarik ere erakutsi du badituela gabezia batzuk, errestoan esaterako. Horretaz baliatu nahiko duzu ezta?

Bai, dudarik gabe. Ikusi da sakeak itzultzerakoan baduela huts bat; berari ere hasierako jokaldiarekin kintze dezente sartu dizkiote, eta hori da nire erronketako bat. Horretarako ordea, nik ere ongi sakatu behar dut. Bakarkakoan sakeak garrantzi handia izaten du, eta finalean ere horrela izango da. Sakea, hala ere, ez da dena, eta aukera dudanean ere azkar amaitu behar diot kintzea.

Sake ona egin, eta berari aukerarik ez ematea, hori al da zure finaleko helburua?

Bai, bai, zerbait egin nahi badut bai. Gertatzen dena da, baina, bere aurka jokatzea oso zaila dela. Berak sekulako abiadura ematen dio pilotari, eta aukerarik txikienean kintzea burutzen du. Orduan, ez da erraza izango, baina baditut nire aukerak, eta haietaz baliatu nahi nuke.

Moderne, berunezko trinketa da, Waltariren jokorako oso aproposa.

Bai, hori da. Moderne oso trinket azkarra da, haren jokoarentzako primerakoa. Lehen aipatu dut sakearekin min egin eta berari aukerarik ez ematea dela helburua, baina errestoan ongi aritzea ere ezinbestekoa izango dut, irabazi nahi badut.

Emaitzei begiratuta, txapelketa bikaina egin duzu aurten. Gustura geratu al zara zure jokoarekin?

Ez. Ez dut nire mailarik onena eman, gehiago egin dezakedala uste dut, eta horretan ari naiz. Kurutxariren aurka partida ona egin nuen, baina ez besteetan. Sakearekin min gehiago egin dezakedala uste dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo