GARA > Idatzia > > Kultura

Euzkadiko Gudontzidiaren datuak sareratu ditu Aldundiak

Juan Pardok «Euzkadiko gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-1939)» liburuan argitaratutako datuak baliatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak webgune berria estreinatu du 36ko gerran Kantauri itsasoan borrokan aritu zen itsas gudarosteari buruz.
p041_f01_148x104.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Euzkadiko Gudontzidia 36ko gerran parte hartu zuen gudu taldeen artetik gutxien ezagutzen zena izan da. Garai hartako Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, 900 lagun, euskal herritarrak gehienak, errepublikanoen alde borrokatu ziren Kantauri itsasoko uretan, euskal kostaldean, fronte eskuindarrak lurralde osoa hartu eta euren itsasontziekin Estatu frantsesera alde egin behar izan zuten arte. Guda hartan parte hartu zuten itsasontzi eta itsasgizonen datu guztiak www.gudontzidia.eu (edo www.marinavasca.eu) webgune berrian bildu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ataria ahalik eta gehien hornitze aldera, Juan Pardo San Gilek «Euzkadiko gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-1939)» liburuan argitaratutako datuak baliatu dituzte. Gudontzidian aritu zirenen berri izateko aukera eskaintzen du, halaber, bi datu-baseren bidez, abizenaren edo jaioterriaren araberako bilaketak eginda. 5.000 orrialde, 600 irudi eta 220 dokumenturen transkripzio edo kopiak biltzen dira, eta Euskadiko Filmategiak gordeta dituen irudiak ere ikus daitezke.

Itsaso zaintzan

Euzkadiko Gudontzidia orduko Eusko Jaurlaritzako Defentsa Sailak sortu zuen, 1936ko urrian, Armada errepublikanoaren itsasoko joan-etorriak eta arrantza jarduera babesteko, eta minak antzemanez, euskal portuetarako sarrerak garbi izateko. 900 bat lagunek parte hartu zuten Gudontzidian. Guztiak ari ziren borondatez, berariazko prestakuntzarik ez zuten herritarrak baitziren. Gehienak Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeetakoak baziren ere, nafarrek, arabarrek eta galiziarrek ere lagundu zuten. Juan Pardok azaldu zuenez, Gudontzidiko itsasontzi gehienak Pasaiakoak ziren, baina Getaria, Ondarroa eta Bermeokoak ere baziren tartean. «Tamaina desberdinekoak ziren; bakailaotarako erabiltzen zituzten ontzi handietatik hasi eta txaluparik arinenetaraino». Batzuek defentsa lanak egiten zituzten, eta besteak minaketariak ziren. Guztiak ziren jatorriz zibilak eta 60 ontziko taldea osatzera heldu ziren. 1937an, ordea, fronte eskuindarrak Bilbo hartu zuen eta ontziteriak Santanderko uretara alde egin behar izan zuen. Armada errepublikanoaren indarrak apurka-apurka behera egin zuen, historiak dioen moduan, eta kostalde osoa Francoren gizonek hartu zuten. Euzkadiko Gudontzidiak, beraz, Estatu frantsesean hartu zuen babesa eta, jarraikortasuna ematen saiatu ziren arren, urte bereko azaroan desegin zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo