Ikuskaritza Akademikoak ikastetxe eta ikasgelen itxierak onartu ditu
Atzo Pauen bildu zen Hezkuntza Nazionalaren Departamenduko Kontseiluak baieztatu egin zituen Ikuskaritza Akademikoak hartutako erabakiak. Erabaki horiek aldatzeko eskatuz, hainbat protesta eta bilkura antolatu zituzten Ipar Euskal Herriko toki askotan.
Idoia ERASO |
Astelehenean Ipar Euskal Herriko hainbat herri eta hiritatik heldutako haur eta guraso anitz bildu ziren, beren eskoletako lanpostuak eta hezkuntza kalitatea defendatzera. Alta, gutxi batzuk bueltatu ziren pozik. Atzo bildu zen Departamenduko Kontseiluak baieztatu besterik ez zituen egin herenegungo erabakiak. Sindi- katuen arabera, irakaskuntza mapa honetan okerren atera dena euskara irakasten duen sistema elebiduna da.
Hezkuntza ikuskatzaileak, ordea, aurkako iritzia eman zuen atzo, Ikuskaritzak egindako proposamen orokorraren aurrean, eta bereziki aipatu zuen Gamere-Zihigako eskola (Zuberoa), horri atxikitzeko nahia azalduz.
Zuberoako eskola hori ixteko deliberoa hartua zela jakitean, herriko auzapez Battitt Aguerrek haserre handia erakutsi zuen, baina presioarekin jarraituko dutela aipatu zuen, esanez: «Azken hitza ikuskatzaileak izanen du». Izan ere, bai Herriko Etxeak, bai kantonamenduko kontseilari orokor Michel Arhancetek hitza eman zuten etxebizitza berriak egingo zituztela herrian, haurren kopurua handitze aldera.
Greneten konpromisoa
Hartu erabakiak behin beti- koak direla esaten bada ere, ikasturte hasierako beharrei egokitzeko egiten diren aldaketetan jarri dute orain itxaropena, eta horregatik, ekintzak aurrera eramango dituzte. Baionako Jules Ferry ikastetxeko gurasoak hiriko auzapezarekin bildu ziren atzo. Jean Grenetek protestak entzun eta gero, desagertu behar duen ikasgelaren aldeko babesa ematea deliberatu zuen, eta ikuskatzailearekin hitz egingo duela agindu zien gurasoei.
Ikastetxe horren kasua berezia da, izan ere, adimen urriko haurrentzako ikasgela baita itxiko dutena, eta horrek lehendik baliabide gutxi dituen alor horren egoera larrituko lukeelako. Gainera, ikastetxea Hezkuntzarako Lehentasuneko Zona gisa sailkatutako barrutian dago.
Ipar Euskal Herriko hogei eskolek galduko dute irakasle postu oso bat edo erdi bat. Horien artean aurkitzen da Donibane Lohizuneko Haize Errota ikastetxea, eta lanpostu galera horren kontra daudela agertzeko, eskola okupatu zuten atzo.
Sindikatuen arabera, onartua izan den irakaskuntza mapa honetan okerren atera dena euskara irakasten duen eredu elebiduna izan da.
Unibertsitatearen erreformaren kontrako aurreko manifestaldietan baino ikasle gehiago izan zen atzokoan Baionan, 300 manifestari inguru elkartu baitziren geltokiaren aitzinean. Baionako Unibertsitate Institutu Teknologikoko (IUT) eta unibertsitateko ikasleak lehen aldiz elkartu ziren protesta batean. Irakasleen murrizketaren eragina jasaten ari den Lehen Hezkuntzarekin bat egin zuten manifestariek.
Danbor, tupin eta txistuen soinuak lagunduta eta kartoizko hilkutxak zeramatzatela, hirian zehar abiatu ziren gazteak. Martxa suprefeturaren aitzinean bukatu zen, Pariseko Gobernuaren ordezkaritzan Hezkuntza ministroari helarazteko abian den erreformaren kontrako iritzia.
Hezkuntzari eskainiak zaizkion lanpostuak murriztu, IUTren independentzia gutxitu eta unibertsitate ikasketen kalitatea apalduko lukeelako egiten dute Valerie Pecresse ministroak abian jarri duen erreformaren aurkako salaketa.