Laura Mintegi idazlea
Sinpletasunerako tentazioa
Berriz ere azaldu da galdera etxean, «orduan, ona edo txarra da?». Eta erantzun bakarra nahi dute, erabatekoa, zuri ala beltz, zalantzari lekurik uzten ez dion erantzun dudagabekoa. Eta azaltzen hasten zarenean, segun nola begiratzen den, nork begiratzen duen, nondik begiratzen zaion, orduan urduritasuna, «baina, finean, nork du arrazoia?». Ez du ardura zertaz ari garen, Bolognako prozesuaz edo IRA autentikoaz. Ziurtasunak nahi dira, erreferente argiak, iritzi bat, bakarra.
Den-dena ez da erlatiboa, egia da. Egitateak badaude. Izan badiren egiak. Guztia ez da segun eta nola, zeren arabera, nondik ikusten den. Baina gauza gutxi-gutxi dira guztiz absolutuak. Egiak aurkiak ditu, kaleidoskopioak beste.
Garaion ezaugarrietariko bat horixe da, hain zuzen, erreferente falta. Informazioa nonahi eta tonaka jasotzen dugu, baina falta zaigu irizpidea. Horrela ulertzen da tertulia eta tertuliakideen neurriz gaineko presentzia dialean, ikus-entzunezkoetan. Argumentuak behar ditugu. McLuhanen herrixkan informazio bera jasotzen dugu guztiok, baina diskrimina- tu beharra dugu, nork bere iragazkitik pasarazi. Horrexegatik eskertzen dugu irratian edo telebistan norbaiti entzutea guk, ustez, pentsatzen genuen hura, baina formulatzen jakin ez dakiguna. Edo bagenekiela, ez genekiena.
Unibertsitatean ikasleei esan ohi diet «esadazu nik ez dakidana» eta aztoratu egiten dira ikusten dutenean ez dagoela «erantzun bat», baizik eta «nork bere erantzuna» duela. Nik ez dakidana ez da liburuak dioena, baizik eta gai horretaz beraiek pentsatzen dutena. Kontua da sarri askotan jakin ez dakitela zer pentsatzen duten. Gauzak ez direlako nahi bezain sinpleak.