GARA > Idatzia > > Kultura

Abestiak, poemak eta adiskideen arteko mezuak, «Internet Kafe» ikuskizunean

Hamaika emanalditan elkarrekin aritutako Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin oholtza gainera igoko dira berriz ere. Mezu elektronikoak egungo bizipenen gordeleku hartuta, elkarri igorritakoak hartu dituzte ikuskizun berri honen ardatz gisa, beti ere hitzez eta soinuz apainduta.
p040_f01_97x164.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Teknologia berriek komunikatzeko eran izan duten eragina dela medio, norberaren posta elektronikoa bere bizipen, sentimendu edota gogoeten lekuko bihurtu da. Horretan arreta jarri ondoren, ikuskizun berria irudikatu zuten Kirmen Uribe idazleak eta Mikel Urdangarin musikariak. Gutun Zuria jaialdiaren antolatzaileek gutunaren inguruko emanaldi bat eskatu zietenean bururatu zitzaien ideia. Elkarrekin egindako «Bar Puerto» eta «Zaharregia, txikiegia agian» lanen ondoren, «Internet Kafe» ikuskizun berri honetarako egileek elkarri bidaltzen dizkioten mezu elektronikoak hartu dituzte oinarri.

Kirmen Uribek azaldu duenez, eguneroko mezuetan oinarritzen diren idazleak ditu aitzindari lan honek, esate baterako, Enrique Vila-Matas. «Benetako e-mail-ak dira batzuk, Mikelek eta Kirmenek elkarri bidalitakoak, eta beste batzuk asmatutakoak dira; hortxe gabiltza, errealitatearen eta fikzioaren mugan», aitortu du.

Mezu horiek, lan honen aurkezpenean esan dutenez, «gogoetak, pasadizoak, bidaietako inpresioak eta egoera pertsonalak jasotzen dituzte eta, askotan, kantak eta poemak ere badituzte». Uriberen aburuz, mezu horiek, egunerokoak diren heinean, «gure kezkak, pozak eta dena» jasotzen dute. Azken batean, «bi lagunen arteko elkarrizketa» da, eta egoera politikoaz, emozionalaz eta bizipenez dihardute.

Material hori guztia taula gainean bi planotan bereizita egituratu dutela azaldu du idazleak. Alde batetik, e-mailak daude, non hizkuntza azkar eta lagunartekoa erabiltzen duten. Baina, mezu horiek kanta eta poemak dituzte itsatsita. Hau da, Uriberen poemen hizkuntza literario eta jasoa mezuen hizkuntza azkarrarekin txandakatuko dute. «Argitaratu gabeko poemak dira guztiak», ziurtatu du Kirmenek. Literaturaren bidelagun diren abestien bertsioak dira, «eguneroko bizitzan entzuten ditugun kanta horiek». Horrela, Tom Waits, Lou Reed edota Mikel Laboaren abestiekin batera, etorkizun batean kanta bihur daitezkeen zirriborroak eta txikitatik gogoratzen ditugun kantak entzuteko aukera izango dugu «Internet Kafe»n. Musikaren tartean, Mikelen gitarraz gain, giro epela eta soiltasuna bilatzen duen taularatze honetan, Nika Bitchiashvilli biolinista ere izango da oholtzan.

Baina fikzioaren eta errealitatearen arteko muga horretan, Kirmen eta Mikelez gain, bi pertsonaia ikusi ahal izango dira agertokian. Bata, etxean errotuta dagoena eta bestea bizimodu ibiltaria duena. Biak dabiltza, hala ere, zerbaiten bila, «oreka, akaso», esan du Kirmenek.

Bihar Gasteizen izango da lan hau ikusteko aukera, Ignacio Aldekoa kultur etxean arratsaldeko zortzietan, sarrerarik ordaindu gabe. Aste batzuen buruan, apirilaren 4an hain zuzen, Araiako Andra Mari aretoan izango dira. Bi hitzorduek egitura bera izanda ere, emanalditik emanaldira ikuskizuna aldatzen joango dela azaldu du Uribek. Inguruko egoeraren eta egoera pertsonalaren arabera, «Internet Kafe» ezberdin bat eskainiko baitute Uribe eta Urdangarinek.

HIZKUNTZA MAILAK

Bi alderdi bereizi ditu ikuskizunak. Alde batetik, hizkuntza azkarra eta landugabea erabiliz idatzitako mezu elektronikoak daude. Eta, bestetik, idazlearen poemak eta abeslariaren kantak tartekatuko dituzte oholtza gainean.

Fitxa

Tokia: Ignacio Aldekoa kultur etxea (Gasteiz).

Data: Martxoaren 12a.

Antolatzailea: Arabako Foru Aldundia.

Salneurria: Doakoa.

Artistak: Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Nika Bitchiashvili.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo