GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Ezer gutxi galtzeko

Goitik beherako plangintzak direla sinetsarazi nahi digute, hau da, enpresak lagunduta, langileok ere laguntza hori igarriko dugula. Zakurraren bibolinak! Euskal Herrian bertan argi ikusten ari gara langabezia datuetan

G20ren «kontubernioaren» atarian jarrerak finkatzen jarraitzen dute Gobernuek. Esaterako, Alemaniako kantziler Angela Merkelek krisiak duela hilabete gutxi pentsaezinak ziren neurriak hartzera behartu dituela bota du elkarrizketa batean. Neurriok aipatu dituenean, honako biak adierazi nahi zituen: bankuak «nazionalizatzea» eta enpresei zein langileei «laguntzea».

Bankuak «nazionalizatzearen» auzian ahalik eta arinen paretik kenduko direla azaldu du, inor beldurtu ez dadin. Guk jakin badakigu, «nazionalizatu» berba erabiltzen dutenean justu kontrakoa esan nahi dutela. Alegia, ez dira bankuak esku publikoetara pasatzeaz ari, diru publikoa bankariei oparitzeaz baizik. Hainbat estatuk argi utzi dute ez dutela parte hartuko ezelako kontroletan. Bankuen irabaziei eusteko neurriak dira hauek eta ez iruzur handi honen benetako biktimak, hiritarrak, salbatzeko. Ildo berekoak dira aurrezki-kutxa espainolen fundazioaren gomendioak: BEZa handitu, sozietate zerga gutxitu, errenta zergan langileon zatia handitu eta eurena jaitsi. Horrez gain, Gizarte Segurantzan langileok ordaintzen dugun ehunekoa handitu eta enpresena txikitu beharko litzatekeela esaten dute. Hitz bitan: aberatsei zergak murriztu eta langileok are gehiago estutu. Azken hau pozarren hartzen dute enpresariek, jakina. Baina, antza, hori ez dute aski: kaleratzeak are gehiago merkatu nahi dituzte eta sindikatuen akordio barik heltzen diren espedienteak zuzenean eta berehala onartzea nahi dute, besteak beste.

Gobernuek, gainera, enpresei egin dizkieten -eta lo hartzen badugu, egingo dizkieten- opari guztiak guri mesede egiteko egiten dituztela sinetsarazi nahi digute, lanpostuak salbatzeko egiten dutela, alegia. Goitik beherako plangintzak direla sartu nahi digute, hau da, enpresak lagunduta, langileok ere laguntza hori igarriko dugula. Zakurraren bibolinak! Euskal Herrian bertan argi ikusten ari gara langabezia datuetan. Plangintzak berez ondo funtzionatzen du, baina beraientzat, jakina. Eredu horren barruan langileon papera batzuetan izorratuta eta beste batzuetan oso izorratuta egotea baino ez da.

Patronal ingelesak ere abisatu du G20ren batzarra dela-eta, ez dezatela bertan denborarik gal «bankarien primen inguruan» edota «paradisu fiskalez» berbetan. Horrek ez duela ezer konponduko. Datu txiki bat: AEBetan diru beltzaren negozioa bilioika dolarretakoa da, fondo legaletako diruarekin konparatuz gero, neurriz kanpoko hazkundea duena.

Inor krisialditik onik irtengo garen zain badago, jai dauka. Ez dabiltza guretzako irtenbidea topatzen, eskularru zuridun guztientzat baizik. Ez bagara gutxi horien eredu honen kontra borrokatzen, ez badugu enplegua, klase-batasuna, aberastasunaren banaketa justua defendatzen, ez baditugu geure eskubideak herriz herri eta enpresaz enpresa eskuratzen, nahi duten guztia egiten uzten badiegu... egon ziur, nahi duten guztia egingo dute. Ez dezala inork pentsa, untxi aurpegia jarrita, gordelekuan sartzen bada agian salbatuko dela. Alboko domino fitxa jausi denean, hurrengoa norbera izango da. Eta zerura begira gelditzen bagara, fitxa guztiak are beherago joango dira batera. Ondo pentsatu. Ez daukagu galtzekorik, eta dena daukagu irabazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo